'Euskerearen Gogotaguneak' egin ditue

Bizkaie! 2023-11-17 13:26   Euskerea berbagai

Hiru ponentzia aurkeztu eta eztabaidatu dira: Hedabieei, administrazinoari eta helduen euskalduntzeari jagokezanak.

Euskaltzaindiak 2022ko zemendian aurkeztu eban jentaurrean Euskerearen Gogoetagunea, euskerearen etorkizun-ikuspegia landu eta luzaroko estrategiak zein adostasunak marrazteko arnas luzeko egitasmoa. Urte horretan, euskerearen bizibarritze prozesuan etorkizun ikuspegi nagusia landu zan, eta aurton, barriz, arlo askotako etorkizun-ikuspegiari horri buruzko ponentziak landu dira eta horreetako hiru aurkeztu dira XXVIII. Jagon jardunaldiaren esparruan. Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) izan da jardunaldia eta ponentzia horreen inguruan eztabaidatzeko baliogarria izan da mintegia.

Jon Sarasua Euskeraren Gogoetagunea egitasmoaren zuzendariak euskerearen etorkizun-ikuspegiaren esparru orokorra adierazo dau mintegiaren sarrerean: Lau urteko prozesua egiteko asmoa hartu genduan, eta Euskerearen etorkizkun-ikuspegia izeneko ponentziak paratzen dau landu nahi dogun bisinoaren marko orokorra. Tesi nagusiak eta etorkizuneko marra nagusiak hor dagoz. Datozen 30 urteotarako euskerearen komunidadearen norabideak gidatzeko ardatz-sistemea proposatzen da ponentzia horretan: horreek adierazo ddogiz jardunaldiaren hasierean. Izan be, ardatz-sistema horren baitan ulertu behar dira aurkeztu diran hiru ponentziak, ardatz-sistema horretako adar jakinen ikuskera proposatzen dabenak: administrazino publikoaren adarra, hedabideen adarra eta helduen euskalduntzearen adarra. Ardatz-sistemako beste hainbat adar eta dimensino be lantzen ari gara prozesu horretan, arloetako adituen bidez, eta hurrengo urteetan agertuko dira emaitzak.

Iban Arantzabal filologoak, barriz, euskal hedabideen inguruko hausnarketa egin dau, Euskal Herrian dagozen komunikazino-talde guztiak dira euskal hedabideen batura baino txikiagoak. Beraz, euskerazko komunikazinoak, egungo bere tamainean be, baluke aukerea eragile nagusietako bat izateko Euskal Herrian. Hau da, hizkuntza komunidadetik pentsauta funtzioa bateratzea eta horren arabera jarduera atontzea, ordenatzea, izan daiteke egin beharretako bat.

Administrazinoa eta helduen euskalduntzea

Bigarren txostena Maite Zipitria eta Joxean Amundarain hizkuntzen kudeaketarako teknikariek aurkeztu dabe, eta administrazinoaren ajeak aztertu ditue bertan. Horretarako, administrazinoaren arloko etorkizun ikuspegia lantzeko ponentziak, hipotesi bat izan dau abiapuntu: baldintza objektiboak eta subjektiboak dagozela Euskal Herriko gune geografiko askotan planteatzeko Administrazinoa izan daitekeela euskerearentzat hurrengo arnasgune soziofunzionala, eta xede hori lortzea ezinbestekoa izango dala euskerearen normalizazinoak aurrera egin deian hurrengo urteetan. Hipotesi horri lotuta, barriz, administrazinoak egin beharreko pausuen norabidea iradoki deien ikusmoldea proposatzen da: 20 urte barru, Europako Mendebaldean, hizkuntza minorizatu bat (alegia euskerea) izatea administrazinoko ardatz hizkuntzea, eta, era berean, administrazino bat osatzea hizkuntza komunidade osoaren garapen bidea ahalbidetzeko politika sendoak garatzen dituana.

Hirugarren ponentziak helduen euskalduntzeari heldu deutso, eta Arkaitz Zarraga euskera irakasleak landu eta irudikau dau arlo horren etorkizun ikuspegia: Helduen Euskalduntze Alfabetatzea barriro be tresna eraginkorra izatea ezinbestekoa da bizibarritze prozesuari bultzadea emoteko. Horretarako, atonketa orokorra egokitu behar da, banaketa administratiboa gaindituz, modu eraginkorrean jardun ahal izateko geure lurralde osoan. Bestetik, ezagutzatik enpleautako pausuetan laguntzeko, personak ikasgelan euskalduntzetik testuinguruak euskalduntzeko pausua emon behar dala nabarmendu dau Zarragak gaurko mintegian: Dala enpresa bat, administrazino atala, kirol-talde edo udala; batez be B2tik aurrera personak testuinguruen baitan euskaldundu beharko litzateke. Horrela jarduteko, testuinguru egokiena plangintzak dirala adierazo dau, zeregin komunikatibo errealetan jarduteko aukerea emoten dabelako eta, ondorioz, ikas-prozesu esanguratsua, erreala, motibatzailea eta eraginkorra lortzen dalako.

Euskerearen Gogoetagunea

Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratzen da Euskerearen Gogoetaguneaz, eta hizkuntza komunidadearen diagnostikorik finenak eta pensabiderik onenak arrago batera batzea dau xede, ikuspegi ezbardinak alkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez. Norabideak ikusten laguntzeko ekarpena izan nahi luke egitasmo honen emaitzak, laburbildu eban Jon Sarasua Euskerearen Gogoetagunearen koordinatzaileak 2022an egin zan estreinako agerraldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu