Berbagunearen X. edizinoak 1.500 persona batuko ditu
2023-11-17 08:21 Euskerea berbagaiZemendiaren 23an izango da, San Mamesen.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu eta Ulibarri Euskaltegiak eta Athletic Clubek atondu daben hitzordu horren helburu nagusia da euskerea kaleratzea eta hizkuntzearen eguneroko erabilerak dauen garrantzia autortea. Horretan bat etorri dira Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotzia, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerako zuzendari nagusia, Nerea Ortiz Athletic Clubeko lehenengo presidenteordea eta Saioa Altuna Berbagunea-ko ordezkaria San Mameseko prentsa-aretoan.
Urtero lez, adin eta egoera guztietako euskaldunak gai ugari landuko ditue euskeraz berba egiteko, mahai baten inguruan alkartuz. Hiru txanda izango dira goizez eta bat arratsaldez, bakotxa ordu eta erdikoa. Taldeek, moderatzaile batek gidatuta, gaurkotasuneko gaiei buruz berba egingo dabe. Parte hartzeko, Berbagunearen web-orrian emon behar da izena.
Giro lasaian, parte-hartzaileek liburuei, kirolari, aisialdiari eta beste gai interesgarri batzuei buruzko alkarrizketak partekatuko ditue beste euskaldun batzuegaz. Egun osoan lau txanda atondutu dira: 9:30etik 11:00etara; 11:00etatik 12:30era; 12:30etik 14:00etara; eta, azkenik, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!