Nekane Pérez de Nanclares: 'Gauza txikiei ekinez, mundu eder eta zentzunezkoagoa egitea da gure helburua'.
2023-11-20 07:55 BarriketanSortzaileak Loratzen, emakumea erdigune dauen alkartea, artea eta kulturea jorratzen dituana. Lau emakume gara alkartean: Eider Mendizabal, Izaskun Olano, Nekane Perez de Nanclares eta Sira Goiriena.
Aurten, Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunean bertan, makinatxu bat ekitaldi atondu ditue, besteak beste, Erroak ikuskizuna, jantza, musika, poesia eta Arisautza Azokea...
1.- Ez dakianarentzat zer da Sortzaileak Loratzen?
Lau emakumek sortutako arte eta kultura alkartea da, esperimentetako lekua, aldarrikapenak egiteko espazioa, arte diziplina ezbardinei espazioa emoteko helburuari eusten deutsona. Horreek guztiak zabaltzeko ikuskizun bereziak atontzen doguz, euskerea eta emakume ekintzaile eta eregitzaileen jarrera eta ekimenak nabarmenduz.
2.- Alkarteak alde positiboa lantzen dau salaketak gero eta gehiago diranean, gizon eta emakumeen bardintasunik eza nagusi danean, greba deialdiak, feminismoa, pornoak indarkeria matxistea eragiten dauela dinoskuenean... Zein da zuon jarrerea saltsa baltz honetan?
Benetan baltza da bizi dogun egoerea, iluna. Gure jarrerea kritikoa da eta emakumeak batzea eta sareak sortzea da gure asmoa, babesa eta indarra hartzeko.
Beste alde batetik, ikuskizunak be erabilten doguz gure mezu eta aldarrikapenak zabaltzeko.
3.- Zemendiaren 25erako Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Egunerako zeintzuk dira zuon aldarrikapenak?
Galdera potoloak erantzun zehatza behar dau eta emongo deutsut: Personen arteko hartu-emonak errespetuan, bardintasunea eta autonomian oinarritutakoak izatea. Eta errespetuaren kontzeptua modu zabalean nabarmentzea da gure jarrerea, ezelako eraso eta zapalkuntza barik.
4.- Ugaltzen dagozan emakumeen kontrako erasoen aurrean zer egin daiteke?
Erasoak eta jarrera desegokiak, salatzeko modukoak gero eta gehiago dira baina botika magikorik ez dago eta gora adi geratzea be ez da zuzena. Lan handia dago egiteko baina zeozer nabarmentzekotan, heziketea esango neuke, etxean, kalean, lagunartean zein ikastetxeetan. Arlo asko dira eta begirada feministea behar da aurrera egin gura badogu.
5.- Emakumeak protagonista dituan Erroak ikuskizuna ikusteko aukerea izango dogu Bilbon baina oso oker ez bagagoz, Loratzen Dantza Taldeak be zeresana izango dau...
Bai. Ikuskizun ederra da Erroak. Ikuskizuneko parte-hartzaileak gara ondokoak: Olerkigilea: Nekane Perez de Nanclares; olerkiak errezitetan: Iratxe Mugire eta Ziortza Basaguren; kantaria Irune Herrero; jantzariak Ane Sanchez, Eider Mendizabal, Itsaso Flores, Maialen Azpillaga, Maren Olazaran eta Nekane Perez de Nanclares; jantzien diseinua Hirutxoak; eta makillajearen ardurea Nora Ereñozagarena izan da.
Talde horretan diziplina asko buztartzen doguz eta Loratzen Dantza Taldearen indarra be berebizikoa da, musikea eta errezitatzaileak be ahaztu barik, olerkiak eta kantuak be aparteko indarra emoten deutse ikuskizunari eta nabarmendu gura dodaz jantzien diseinua eta makillajea be aparteko lana egiten dogulako.
Ez ahaztu, zemendiaren 25ean, Bilbon, Atxuriko Eleiz Museoan eskainiko dogu Erroak, eguerdiko 12:30ean.
6.- Zemendiaren 25ean Emakumea protagonista izango da. Emakumeen arteko alkartasuna eta berotasuna biziteko ekitaldia, Emakume artisauen azokea. Artisau parte-hartzaileak zeintzuk izango dira?
Hamaika edo dira. Gozauko dozue seguru eta zeozertxu erosi barik ez zarie joango etxera. Hor izango gara Sebastiana guk, Otrora, Marrabila ilustrazinoak, Marimatraka umeen erropak, Lavandula kosmetikea, Kiribil zeramika, Hirutxoak erropak, Eskune bitxiak, Buztin artean, Botxinche, Zizkamizka, a.rg.o, Berta Banzo, Amakuyi, Macrama eta Vi Dreams flowers.
Goizeko 10:00etatik 14:00retara egongo da azokea zabalik. Etorri, ez zarie damutuko.
7.- Nondik nora sortu da Ilargia Abesbatza?
Ikuskizunerako emakumeen ahaldundutea suspertu eta zabaldu gura genduzan eta hori izan zan esentzia eta, esangura horretan, Aurre egingo deutsuen emakumea kantua zabaltzeko asmoa be izan dogu, izan be, Vivir Quintanak sortu eban Vivir sin miedo kantua Mexikon, feminismoaren ereserki bihurtu da eta hemen Sastraka Gaztetxeko emakumeek euskeratu eben. Guk kantu hori moldatu eta kantetan dogu.
Ganerakoan, Illargi taldea, emakume taldea da eta hor gabiz ahots bajuak Ainara, Iratxe, Amelia eta Eneritz; ahots altuak Iraide, Ane, Maite eta Mariluz; ahots nagusiak Ziortza, Iratxe eta Nekane.
Musikearen arloan, kontrabajuan Patri eta gitarristea June doguz.
Ez ahaztu, hilaren 25ean, eguerdiko 12:45ean hasiko gara Bilboko Eleiz Museoan.
Arratsalde partean, barriz, Bilgune Feministeak eta Bilboko Bilgune Feministeak deitutako manifestazinora joateko asmoa be badogu.
8. Bihar-etzirako erronkarik nabarmenduko zeunke?
Geureari eustea, norberak norberarena jorratzen segidutea. Sortzaileak Loratzen indartzen eta zabaltzen jarraitzea. Kulturearen bitartez, errespetuan oinarrituta, emakumeak saretzea eta ahaldundutea. Gauza txikiak eginez, mundu eder eta zentzunezkoagoa egitea be bada gure helburua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!