23. Korrikak herri oso baten harrotasuna erakutsiko dau

Bizkaie! 2023-11-16 13:17   Euskerea berbagai

Harro Herri lelopean, 2024ko martiaren 14tik 24ra izango da.

AEK-k antonduta, euskerearen herria zeharkatuko dau 23. Korrikak martiaren 14tik 24ra, Irundik Baionara. Aurtengo leloa Harro Herri izango da, euskal komunidadeak euskereagazko sentiduten dauen harrotasunaren barriemoile eta erakusle. Omendua, barriz, Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da.

Korrikaren 23. edizinoaren aurkezpen-ekitaldia, Donostiako San Telmo Museoan egin da. Berton, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak aurtengo mezua, iruditeria eta leloa aurkeztu ditu. Horrezaz gan, Korrikaren bidelagunak be batu dira ekitaldira eta argazki jentetsua atara dabe euskal komunidadearen indarra eta harrotasuna erakusteko.

Euskerearen aldeko mobilizazinorik handiena Irunen emongo deutso hasierea, martiaren 14an; eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan amaituko da, Lapurdiko uriburuan. Halanda ze, mezu sekretua irakurtzeaz gan, egun osoko jai-egitarauaz gozetako aukerea izango da.

Harro Herri

AEK-k aurkezpen-ekitaldian adierazo dauanez, aurreko edizinoko parte-hartze masiboak argi itxi eban geure hizkuntzaz harro gagozala eta guztion artean komunidade sendoa garela. Aitziber Balantzategik, AEK-ko Artezkaritza-konseiluaren buruak, barriz, Korrikak herri-aldarri alai eta sendoa izan nahi dau eta, oraindino be, aurreko edizinoa dogu begiradean nabarmendu dau. Horrezaz gan, harrotasun hori konformismoagaz ez nahasteko azpimarrau dau Balantzategik.

Era berean, erakundeek euskerearen normalizazinoan daben ardura garrantzitsua ekarri dau gogora: Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbersinoak egin behar ditue. Bien bitartean, betiko lez, Korrikak jasoko dauen dirua euskerearen normalizazinora bideratuko da.

Aurtengo omendua, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gazteak, hain zuzen be, Frantziako Estaduko hizkuntza-legeari euskeraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dau. Ane Elordi Alburquerque Korrikako koordinatzaile nagusiak adierazo dauenez, gazte horreek, euren ikasketen une oso erabagigarrian, herritar euskaldun legez jagokezan hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu