Encartada Fabrika Museoak 'Encarta-Teknika 2023' jardunaldia dakar

Bizkaie! 2023-11-16 10:16   Kulturea

Zemendiaren 16an izango da.

Encartada Fabrika Museoak industria-ondareko profesionalentzako lehen jardunaldi teknikoa atondu dau, Encarta-Teknika 2023 izenekoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauen Encartada Fabrika Museoa industria-ondarearen erreferente garrantzitsua da Europan, industria-ondarea jagoteko eta zabaltzeko museoa, oraingoan Encarta-Teknika jardunaldiaren edizinoa hartuko dauena.

Museoa industria-ondareko profesionalen topagune bihurtuko da, izan be, XIX. mende amaierako makineria ia bere horretan dago eta maila mekanikoan berreskuratzeko egiten dabizen prozesuagaitik be eredugarria de museoa. Jagoteko eta sistema mekanikoak zaharbarritzeko lanak Encartada Fabrika Museoa erreferente bihurtzen dabe industria-ondarearen munduan. Makinak martxan jarteko prozesuan erabilitako teknikak gure ondare historikoaren konserbazinoaren eredu dira. Encartada Fabrika Museoa Bizkaiko industria-ondarea transmitiduteko eta zabaltzeko kultura-baliabide bat da.

Kontuak kontu, zemendiaren 16an izango dan Encarta-Teknika 2023 jardunaldi tekniko honen helburua da edizino bakotxean proponidutako gaiaren inguruko gogoetarako eta idea, esperientzia eta arazoak trukatzeko gune edegi bat ezartzea. Programa hori erregulartasunez egingo da eta saio bakotxean gai espezifiko bat jorratuko du ikuspegi tekniko batetik.

Lehenengo edizino honetan, Berreskuratze mekanikoa eta funtzionala, industria-ondarearen zabalkundeko erronka teknikoak izenburupean, martxan jarteagaz lotutako erronkak aztertuko dira, hau da, erreferentziazko produkzino-prozesuen birsorkuntzara joateko publikoaren eskaerea gero eta handiagoari zelan erantzun aztertuko da.

Ekitaldian, adibide garrantzitsu bi aurkeztuko dira eta, ondoren, mahai-inguru bat, bertaratutako guztiek, bai aurrez aurre bai birtualki, parte hartu deien. Dinamika horrek idea eta esperientzien truke aktiboa ahalbidetuko dau, eztabaidea hainbat ikuspegigaz aberastuz.

Jardunaldian egindako aurkezpen eta ekarpen guztiak argitalpen bateratu batera batuko dira, emoitzak eta ataratako ondorioak islatzeko. Encarta-Teknika 2023 foro dinamikoa izango da, industria-ondarearen arloan ezagutzea aberasten eta horretan aurrera egiten lagunduko dauena.

Encartada Fabrika Museoak sektoreko, museoetako, administrazino publikoetako eta erakunde akademikoetako 50 bat profesionalen parte-hartzea eta inplikazinoa izango dau, toki, nazino eta nazinoarte-mailakoak. Ekitaldia museoaren instalazinoetan egingo da eta online be sartu ahal izango da.

Encartada Fabrika Museoa

Encartada Fabrika-Museoak bilduma bakarra dau eta hezkuntza-jarduerak bultzatzen ditu; museoak ahalegina egiten dau gaur egungo gizarteak industria-ondarea ulertu eta balioetsi daian.

ERIH (European Route of Industrial Heritage) Industria Ondarearen Europako Elkarteak Anchor Point kalifikazinoa emon eutson 2019an, hau da, garrantzia historikoa eta erakarpen turistikoa dauen lekutzat jo eban Balmasedan dagoan Encartada Fabrika Museoa. Europako izentapen horrek indartu egin eban Kultura Ministerioaren autorpena, ministerio horrek La Encartada jardunbide onen eredutzat jo baitzeban eta 2007. urtean EAEko monumentu-multzoaren kalifikazinoa emon eutson.

Encartada Fabrika Museoaren balio nagusietako bat da bere makina-bilduma parebakoa; ingelesak dira gehienak, XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak. Industria-museo honek ia ikutu barik konserbatu ditu haren irudia eta hornidura teknologikoa eta oso-osorik ditu produkzino-prozesuaren elementu guztiak, lehengaia gordin jasoten danetik, paketetako eta bialtzeko prozesu guztia. Osotasun tekniko hori eta konserbazio-egoera parebakoa dirala-eta, Encartada era horretako arloan bisitau daitekeen leku bakarra da. Eraikinak, makinak eta langile-kolonia sasoi hareen adierazle nabarmena dira eta bisitak peninsulako iraultza industrialaren hasierako garaietara eroaten gaitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu