'Euskara, jalgi hadi digitalera' goiburuari eutsiz Getxon
2023-11-16 08:45 Euskerea berbagaiEuskerearen Nazinoarteko Eguna abenduaren 3an izango da.
Beste urte batez, datorren abenduaren 3an egingo dan Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, Getxoko Udalak adierazo dau hizkuntzeagazko konpromisoa eta adostasun sozialean sakontzearen alde egiteko jarrera sendoa, Euskera, jalgi hadi digitalera lelopean. Horretarako Udalak eta herriko erakunde batzuek datozen egunotarako jarduera ugari atondu ditue.
Euskerearen Nazinoarteko eguna dala eta Udalak adierazo nahi dau bere konpromiso sendoa. Datozen egunotan hainbat jarduera izango dira, besteak beste, kontzertuak, jantzak, bertso edota topaguneak. Aurten beste erronka bati helduko deutsagu, hau da, danon artean adimen artifizialari euskeraz berba egiten erakustea Gaitu programearen bitartez. Holan, getxotar guztiak animetan ditugu Gaitu-n parte hartu deien. Batu daiguzan gure ahotsak euskerearen alde, zehaztu dau Amaia Aguirre alkateak.
Kontuak kontu, Udalak Eusko Jaurlaritzeak eta Topaguneak atondutako Gaitu egitasmoa zabaltzen lagundu nahi dau aitatu webgunean sartu eta ahotsa grabetako, holan makinek eta baliabide digitalek euskeraz errazago egin deien. Ekimen horregaz batera, zemendiaren 19an Bizilagunak bazkariak egingo dira; hilaren 22an, Gehitu Kirola egitasmoaren hitzarmenen sinadura ekitaldia izango da Faduran; zemendiaren 25ean eta 26an, Eko-jostailuak eta Bolueko Esploratzaileak jarduerak, hurranez hurran, Ingurumen aretoan eta abenduaren 4an, ohiko Trikikantu gosaria eta trikimeriendea 4an, Muxikebarrin.
Gainera, Kultur Etxearen eskutik, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da abenduaren 2an eta Go!azen 10.0 ikuskizuna, abenduaren 10ean, Muxikebarrin.
Erakundeek atondutakoen artean, barritasuna izango da 24 ordu uger egiten euskerearen alde, abenduaren 2an, Faduran, Swim Camp alkarteak sustatuta. Horregaz batera, zemendiaren 20an, Bertsolari Gazteen BBK sariketea izango da Getxo Elkartegian; zemendiaren 23an, Egizuk atondutakoo Iratxe Ormazaren Printzak begietan literatura barriketaldia Villamonteko Kultur Etxean; hilaren 26an, Kantu kalejirea Itxartugaz, Algortan zehar; abenduaren 1ean, Pettiren kontzertua Azebarrin alkartean; abenduaren 3an, jantzaldia Algortan zehar, eta abenduaren 10ean, ALBE galea eta Balendin Enbeita Bertsopaper sariketea La Ola jatetxean. Eta, datorren zezeilaren 20ra arte zabalik izango da Ramiro Pinilla, eleberri laburren lehiaketarako lanak aurkezteko epea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!