Domekan, zemendiaren 19an, jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Lesakan

Bizkaie! 2023-11-14 13:39   Bertsolaritzea

Sarrera guztiak agortuta dagoz.

Lesakan kantauko daben bertsolariak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aforoa handituta atondu dau saioa Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Lesakako Udalagaz batera. Sei bertsolarik kantauko dabe herriko frontoian, finalerako sailkapena helburu. Hain zuzen be, saio hori amaitutakoan argituko da finalean kantauko daben zortzi bertsolarien zerrendea.

Lesakako frontoian jokatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, domekan, 17:30ean. Hasiera batean Kultur Etxean izatekoa zan saioa, baina aforoa beteta, eta sarrera eskari handia egoala ikusita, ekitaldia herriko frontoira aldatzea erabagi eben Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Lesakako Udalak. Frontoian, beraz, sei bertsolari ibiliko dira kantari: Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Eki Mateorena Zozaia, Mikel Lasarte Cia eta Beñat Astiz Isasi. Gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo ibiliko da eta epaile, barriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko finalera, momentuz Saioa Alkaizak eta Julio Sotok, Altsasuko eta Agoizko saioetako irabazleek, hurranez hurran, egin bezela. Gainontzekoek, finalaurrekoen faseko sailkapen osoaren arabera izango dabe toki bat ala ez finalean. Lesakakoa azken finalaurrekoa izanda, saioa amaitu eta orduantxe argituko da finalean kantauko daben zortzi bertsolarien zerrendea.

Finaleko sarrerak, bestalde, salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus atarian.

Lesakako saioa, interneten zuzenean

Sarrera guztiak agortuta dagoz baina interneten jarraitu ahal izango dabe saioa, zuzenean, izan be, www.bertsoa.eus atariak streaming bidez eskainiko dau saioaren emonkizuna, 17:30ean hasita

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu