Zabalik dago X. Bizkaidatz Txikia-n izena emoteko epea

Bizkaie! 2023-11-10 12:42   Kulturea

Kontakizunak jasoteko epea 2024ko zezeilaren 9ko 13:30ean amaituko da.

Idoia Carramiñana, Begoña de Ibarra eta Mónica García | Ikusi handiago | Argazki originala

Idoia Carramiñanak eta Monica Garciak idatzi ditue amaitu bako kontakizunak eta horreenaien amaierea umeek osotuko dabe Bizkaidatz Txikia saioan. Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten dabizenak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, umee kategorian (Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak) eta gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleak).

Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, Idoia Carramiñana eta Mónica García idazleakaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako Bizkaidatz Txikia literatur lehiaketearen hamargarren edizinoa aurkeztu dau. Begoña de Ibarrak aurkezpenean nabarmendu dauenez, "BizkaIdatz Txikia lehiaketeak erakutsi dau gure gazteen sormenaren katalizatzailea dala, sormena askatzeko eta ideak idatziz adierazoteko leku bat. Ikasteko eta hazteko aukera bat da eta, batez be, arlo kulturalean etorkizun aberatsa eta anitza ereiteko". De ibarrak gehitu dauenez, literatura-lehiaketa hau lehiaketa enblematikoa da gure lurraldean eta Bizkaiko gazteenen artean irakurzaletasuna eta idazketea sustatzeko Aldundiaren konpromisoa erakusten dau".

Idoia Carramiñanak eta Mónica Garciak emon deutse hasierea aurtengo kontakizunei eta, esangura horretan, Idoia Carramiñanak euskeraz hasiko dau istorioa, Zer erremedio! izeneko proposamenagaz eta Monica Garciak gaztelaniazko istorioaren hasierea proponiduko dau, Una nueva familia izeneko kontakizunaren bidez. Zer erremedio!-ren testuak Iker Oruetak ilustrau ditu eta Jesse izan da Familia berri bat-en irudien sortzailea.

Parte hartzen daben ume edo gazteek istorioari, personaiei eta hasierako kontakizunean proponidutako kontetako moduari egokituta amaitu beharko dabe kontakizuna eta euskeraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dabe. Modalidade bietan be irabaiz leikie, epaimahaiak holan baimentzen badau. Holan, Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten dabizen 16 urte arteko ume eta gazteak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara.

Kontakizunak jasoteko epea 2024ko zezeilaren 9ko 13:30ean amaituko da. Testu guztiek gitxienez 4 orrialde eta gehienez 5 izango ditue, eskuz idatzita, letra argiz, edo ordenagailuz, Times edo Arial muetako letrak erabiliz, DIN A4 orrietan, 12. gorputzean, lerroarte bikotxean.

Obrak eskuz edo postaz aurkeztuko dira erregistro eta herritarren arretarako Laguntza bulegoan (Diputazio kalea, 7 - 48008 Bilbao). Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez be aurkeztu ahal izango dira: www.ebizkaia.eus.

Lehiaketearen oinarri guztiak www.bizkaia.eus/foruliburutegia-n topau daitekez eta irabazleen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez ezagutuko dira.

Kontuak kontu, Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean jarri eban martxan lehiaketea Bizkaiko ikastetxeetako ume eta gazteen artean irakurzaletasuna eta idazketea sustatzeko.

Lehen edizinoan Joanes Urkixo idazle eta gidoilariaren partaidetzea izan eban, Zuhaitz Neska kontakizunagaz, Urtzi Urkixok ilustrau ebana eta Belen Lucasek El misterio del jardín botánico kontakizuna idatzi eta ilustrau ebana. Lehen edizio horretan 186 kontakizun aurkeztu ziran, horreetatik 72 euskeraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu