Hitzetik Hortzera bertsoak epaitzen

Bizkaie! 2023-11-10 07:58   Bertsolaritzea

Eneko Bidegain bertso epaile baionarra izango da asteon protagonista.

Bertsolari familiakoa izanda, Eneko Bidegain eta bertsoa beti joan izan dira eskutik helduta. Xanti Iparragirre joaten jaken umea zala bertso eskolak emoten baina sekula ez eban pentsau bertsolaria izatea. Ia 25 urte daroaz bertso epaile lanetan Eneko Bidegainek: Eskolarteko kanporaketa bat epaitzen hasi zan eta ordutik epaile lanak egin ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketetan, XILABAn zein Txapelketa Nagusietan. Ez da lan erraza bertsoak eta zenbakiak buztartzea baina horrezaz egingo dabe berba zapatuan, hilaren 16an.

Zemendiaren 18an Aiherran egingo dan Taldekako XILABAren finalari begira be jarriko dira Eneko eta Mirari. Taldekako honek dauen garrantziaz eta Ipar Euskal Herriko bertsolaritzeari emoten deutsonaz be egingo dabe berba.

Beste alde batetik, Ametsez izenburuko bertso jarriak egin ditu Maddi Agirrek Hitzetik Hortzerarako. Gasteiztarrak bertsoak musikaz jazteko alboan izango ditu Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra.

Tolosako jaialdia eta Nafarroako Bertsolari Txapelketea

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa egin eben Altsasun eta bertako bertsoaldiak entzungo ditugu aste honetako Hitzetik Hortzeran. Iortiako Kulturgunean kantau eben Ekhiñe Zapiain, Eneko Fernandez, Patxi Castillo, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza eta Sarai Roblesek. Zigor Gartzia Zian ibili zan gai-jartzaile lanetan.

Tolosako Antzokian egin zan Inklusino Bultzadea bertso saioa. Hernaniko errugby taldeak eta Harituz Bertsozale Taldeak atonduta: Unai Elizasuren esanetara ibili ziran bertsotan Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal.

Kontuak kontu, Hitzetik Hortzera zemendiaren 18an, 21:00etan, ETB1en eta ondoren noiznahi EITB Nahieran atarian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu