Aurtengo Begoñazpi Ikastolako ‘XIV. Gazte Role Model’ sarituak: Iraia Iturregi eta Iñaki Garcinuño
2023-11-09 13:10 KultureaIkastolan bertan zemendiaren 14an, jasoko dabe saria.
Iñaki Garcinuño
Gazte Role Model Saria, Bilboko Begoñazpi Ikastoleak balore profesional eta gizarte konpromisoa saritzeko urtero emoten dauan saria da. XIV. edizino honetan, entrenatzaile eta futbolari ohia dan Iraia Iturregik eta enpresari eta CEBEK-Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoko presidente ohia Iñaki Garcinuñok jasoko dabe ezagutza eta esker ona.
Sariak emoteko ekitaldia datorren martitzenean, zemendiak 14 (18:30), Ikastolan izango da (Jesús Galíndez 15, -Txurdinaga- Bilbo). Bertan izango dira beste erakundeetako ordezkarien artean, Ainara Basurko, Ekonomia Sustapeneko diputadua, Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia eta Joseba Segura, Bilboko gotzaina.
Iraia Iturregik gizarte konpromisoa kategoriari jagokon saria jasoko dau. Iñaki Garcinuñok, barriz, eredu profesionala kategoriari jagokona. Sari honeek biak dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.
- Euskadiko lan eta gizarte-ibilbideko zazpi kide garrantzitsuk osotutako epaimahaiak, Iraia Iturregiren (Bilbo, 1985) persona zein lan munduko ibilbidea nabarmendu dau, Athleticegaz 100 partida bete dituan historiako lehen emakume futbolaria (danetara, 402 partiua jokatu zituan), emakumezkoen futbol selekzinoko kidea, Athleticeko emakumeen entrenatzailea be izan da eta egun, Baskoniako talde teknikoko kidea da.
Athleticen partidu gehien jokatu dituan hirugarren jokalaria, Iturregi talde bilbotarraren historia ezeze, familia zuri-gorrian, erreferente be bada. Jokalari eta entrenatzaile izateaz gan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta Madrilgo Unibersidade Autonomoko Goi-mailako Kirolean be masterra dau.
Epaimahaiak Iturregiren aurrea hartzeko gaitasuna, etorkizunari begirako ikuspegia, futbol-zelaian erakutsitako baloreak eta gizonezkoen esparruan emakumeentzako lekua edegiteko erakutsitako ausardia nabarmendu ditu.
- Garcinuño Grafiko taldeko presidentea dan Iñaki Garcinuñoren (Bilbo, 1972) kasuan, epaimahaiak honen ardurea, jarduera profesionala, inguruaren aurreko konpromisoa eta balore humanistak azpimarratu ditu.
Garcinuño, Ekonomia Zuzenbidean graduatua da. 1996an, Banco de Vasconia bankuan lan egin ondoren, Garcinuño Comunicación Gráfica familiaren enpresan hasi zan lanean. 1999an enpresearen gerentzia hartu eban eta 2008an Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidente izentau eben. 2009an, CEBEKeko batzorde exekutiboko zuzendaritza-batzordeko kide izan bazan be, 2013an presidente hautatu eben, 2021era arte bete dauan kargua.
Epaimahaikideek honen lan-ibilbidea, hainbat erantzukizun edota arduratan izandako lidergoa, lan egiteko dauen adorea zein ausardia, enpresa-sorkuntzeari emondako bultzadea eta bai Bizkaian, bai Euskadin landu nahiz garatutako hainbat ekimen azpimarratu ditu.
Horregaitik guztiagaitik, hamalaugarren edizino honetako epaimahaiak saridun bien lan profesional eta humanitarioa autortu dau. Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak hauxe azaldu dau: Barrikuntza eta giza hartu-emonen esparruan, sarituon lana jarraitu beharreko eredua izango da gazteentzat, lana behartsuenen aurreko solidaridadean eta autorrealizazino profesionaltzat hartuz.
Gazte Role Model Sariaren XIV. edizinoko epaimahaia Euskadiko enpresa eta gizarte arloko zazpi profesional nabarmenek osotu dabe: Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoa; Aitor Cobanera, SPRIko Teknologia eta Barrikuntza zuzendaria; Leire Bilbao, Innobasque, Barrikuntzarako Euskal Agentziako zuzendaria; Carolina Pérez Toledo, CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoko presidentea; Gaspar Martínez, Bilboko Eleizbarrutiko gai eta ondasun kulturalen arduraduna; Nerea Begoña, EBI-Elizbarrutiko Ikastetxeak sareko zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola, Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.
Epaimahaikideen esanetan, Gazte Role Model Sariaren XIV. edizinoko sarituak ikasleentzat, enpresa eremuan, garapen profesionalean eta gainerakoei erakutsitako portaera eta jokabide positiboagaitik, eredu zehatzak dira. Eta horixe da 2008tik aurrera Bilboko Eleizbarrutiko EBI sarearen menpeko 1.700 ikasle baino gehiagoko Bizkaiko ikastola honek emoten dauan sariaren azken helburua.
Ikasleentzako esperientzia
Sarituek, euren esperientzia Ikastolako geletara hurreratuko dabe. Ikasturtean zehar, euren bizitzako momentu zein jazoera garrantzitsuak azalduko deutsee ikasleei, bai enpresa munduan hobetzeko baloreak, bai behartsuenakazko gizarte eta lan-humanitarioen baloreak irakasteko.
Holan dala, sarituek hezkuntza, fantasia eta mobimentua sinbolizetan dituan Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak sortutako estatuatxo originala, hau da, Gazte Role Model Saria jasoko dabe. Ekitaldian, Ikastoleak azken hamalau urteotan sariok izan daben garrantzia be gogoratuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!