Georges Lacomberen artxiboari eta bibliotekari buruzko erakusketea ikusgai

Bizkaie! 2023-11-09 12:39   Kulturea

Euskerearen historia eta Euskal Herriaren historia ezagutzeko ezinbesteko dokumentuak ditu.

Andres Urrutia, Gorka Artola eta Maite Aristegi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak erakusketea aurkeztu dabe Bergaran. Berton, George Lacombe hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren agiritegi eta blibliotekeari buruzko jakingarriak emoten dira, 10 paneletan; horrezaz gan, beira-arasa bi jarri dira, dokumentu eta liburu jakin batzuk erakusteko. Erakusketea abenduaren 1era arte izango da ikusgai, Bergarako Alde Zaharreko Olaso Dorrean.

Georges Lacombe euskereari lotutako dokumentu oro batzen saiatu zan; horretarako, artxibo-funts ugari erosi zituan. Ondorioz, XIX. mendeko euskalaritzariburuzko funts nagusietako bat batu eban, guztiz ezinbestekoa euskal kulturearen historia ezagutzeko.

Agiritegiaren garrantziaz jaubetzeko, hona hemen dokumentazinoaren lagin bat: Joanes Artxu (1811- 1881) eta Thomas Doucarrou; Louis Lucien Bonaparte printzea (1813-1891); Pierre Broussain (1859-1920); Jean-Baptiste Darricarrere (1844-1928); Edward Spencer Dodgson (1857-1922); Wilhem Jan van Eys (1825-1914); Hugo Schuchardt (1842- 1927); Georges Lacomberen lanak (1879-1947); Jean-Dominique-Jules Salaberri (Ibarlakoa) (1839-1903); Joseph-Augustin Xaho (1811-1858); Urtubia etxeko artxiboa (1474-1829); Julien Vinson (1843-1926); edo, Silvain Pouvrearen lanen kopiak (ca. 1614–ca. 1670).

Erakusketeak Georges Lacombe, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren biografia laburrak erakusten ditu. Horrezaz gan, berbaldi bi atondu dira, Lacomberen lanaren garrantzia azaltzeko baliogarriak izango diranak: Lehenengoa zemendiaren 23an izango da, 19:00retan eta Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak Georges Lacomberen artxibo eta bibliotekearen nondik norakoak adierazoko ditu; bigarrena, zemendiaren 29an izango da, 19:00retan baita eta bertan Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazleak Telesforo Monzonen kulturgintzea izango dau berbagai. Hitzaldi biak Olaso Dorrean izango dira.
 
Bergarako alkateak, Gorka Artolak, adierazo dauanez hemen gauden erakunde eta eragileon alkarlanari esker, ehunka artxibo honeek bergarar zein euskaldun guztion eskura dagoz. Ganera, Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak erositako bilduma aberatsa jendartera zabaltzea dala helburua azpimarrau dau.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, barriz, esfortzu handia egin dabe bai Olaso Dorrea Fundazinoak bai Udalak be, eta erakusketearen emoitzea ikusita, eskertzekoa da benetan. Lacombe euskal kulturearen bilatzaile nekatuezina izan zan eta Euskaltzaindiak harek jasotakoa euskal gizartearen esku jarri nahi izan dau, Euskarearen Akademiaren helburuetako bat horixe baita: Euskal kulturearen transmisinoa gehitu dau.

Amaitzeko, Olaso Dorrea Fundazinoko kide dan Maite Aristegik honako hau adierazo dau: Erakusketearen tituluak esaten daben moduan, Telesforok eta Maria Josefak kilo bat urreren truke erosi eutsen hizkuntzalariaren agiritegiaren idazki eta liburu artxibo mardularen zati esanguratsua Lacomberen alargunari. Euskerea eta euskal kulturea sufriduten egoan sasoi ilun horretan, mirestekoa da monzondarrek eginiko esfortzua ondare nazional hau Euskal Herrian geratzeko.

George Lacombe

Georges Lacombe (1879-1947) hizkuntzalaria izan zan eta euskaltzain oso ia Euskaltzaindiaren sorreratik. Euskal Herritik kanpo jaio zan Lacombe, Ortheze herrian, Bearnon, baina ama euskalduna eban, Donapaleukoa (Nafarroa Beherea). Filosofia ikasi eban Sorbonan eta bertako giro intelektualean ibili zan urte askoan. Bizitza osoa emon eban Paris eta Euskal Herriaren artean. Negua Parisen eta udea Ipar Euskal Herrian, Baionan eta Alduden emoten eban.

Asko idatzi eban euskereari buruz, baina hizkuntzearen ezagutzeari egindako ekarpen handiena izan zan bilduma dokumental itzela egin izana, izan be, bizitza osoan zehar eskuratu eta gorde zituan askotariko dokumentuak Euskal Herriko hizkuntza, historia eta kultureari buruz, eta berari esker heldu dira geurera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu