'Eduardo Chillida 100 urte' programazinoaren aurkezpena egin dabe
2023-11-09 08:40 KultureaUrtarrilaren 10ean Eduardo Chillidaren jaiotzearen lehen mendeurrena izango da.
Donostiako Miramar Jauregian egin da Eduardo Chillida 100 urte programazinoaren aurkezpena, izan be, urtarrilaren 10ean Eduardo Chillida artista eta eskultore donostiarraren jaiotzearen lehen mendeurrena beteko da.
Eduardo Chillida 100 urte lelopean, 2024 eta 2025 urteen artean izango da, baina 2026ra arte izango da, artistearen alderdi askotara hurreratzen diran erakusketeagaz. Chillida Lekuk, Eduardo Chillidak bere lana egiteko sortu eban lekurik intimo eta personalenak, erakusketa eta jarduera ugari izango ditu bere sortzailearen figura eta obraz disfrutetako. San Telmo Museoak, Tabakalerak, Balentziaga Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Artiumek bakarkako nahiz taldeko erakusketak hartuko ditue hurrengo hilebeteetan.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazo dauenez, mendeurrena arrazoi bikaina da geure museo eta ekipamenduen arteko lankidetzea eta koordinazinoa indartzeko. Alkarlanetik, gizarte oso batek Chillidaren obrea gogoratu eta omendu daian lortzeko.
Mikel Chillidak, eskultorearen bilobeak, barriz, aurkezten dogun programazinoak Eduardo Chillidaren lana ospatzen eta zabaltzen dau. Haren lana ezeze, balioak, sensibilidadea eta arte garaikidearen historiari egindako ekarpenak be zabaltzeko aukerea da adierazo dau.
Isaac Palentziak, Gazteriako zuzendariak, geure mendeko kulturearen artista eta intelektual handienetako bat da. Gizon geldiezina izan zan, eta inspirazino-iturriak artean, naturan, filosofian edo zientzian topau zituan. Kultura eta Gazteria Departamentuak, ikastetxe, irakasle eta hezitzaileei zuzendutako unidade didaktiko bat egiten lagundu dogu, artista bikainaren obran eta pentsamenduan sakontzeko, gehitu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!