Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontuak % 4,5eko igoerea izango dau 2024an

Bizkaie! 2023-11-09 08:25   Kulturea

Danetara, 369,4 miloe eurotakoa izango da.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2024rako aurreikusitako aurrekontuak. Igazkoagaz konparauta, % 4,5 hazi da Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren aurrekontua eta 369.421.000 eurokoa izango da, 2023an baino 16 miloe gehiago. Holan banatuko da diru kopuru hori:

 Kultura Sailburuordetzea: 72.954.633 euro.

 Hizkuntza Politikako sailburuordetzea: 77.194.169 euro.

 Jarduera Fisikoa eta Kirol Zuzendaritzea: 15.598.834 euro.

 Etxepare Euskal Institutua: 3.848.000 euro.

 Zerbitzu Zuzendaritza eta Kabinetea: 6.635.364 euro.

 EiTB: 192.185.000 euro.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean azaldu dauenez, “agintaldi honetarako gizartearen eta Legebiltzar honen aurrean hartu genduzan hainbat eta hainbat konpromiso betetea edota bideratuta ixtea izan da aurrekontu hau osotzean gidatu gaituen helburua”. Zupiriagaz batera aurrekontuen aurkezpenean parte hartu dabe Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendariak eta Leire Corrales Zerbitzu zuzendariak.

Kultura sailburuordetza

Kultura sailburuordetzeak datorren urtean 72.954.633 euroko aurrekontua izango du, 2023an baino 1,89 miloe euro gehiago. Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu dauenez, Kultura 2028 plan Estrategikoan zehaztutako lau helburu estrategikoetan holan banatuko da aurrekontua:

 Sorkuntzea sustatu eta talentua garatzeko 24,5 miloe euro.

 Kultur eskaintzea aberastu eta gizarteratzeko 32,5 miloe euro.

 Kultura ondarea jagon eta komunidadeen garapena buztartzeko 11,8 miloe euro.

 Salto digitala sustatu eta ahalbidetzeko 1,2 miloe euro.

Azpimarratzekoa da, ikus-entzunezkoen arloan garapen eta produkzinorako deialdiak indartuko dirala, danetara 5,7 miloe eurogaz. Alde batetik produkzinorako eta garapenerako deialdi orokorrak 563.000 euro gehiagogaz indartuko dira, guztira 3,7 miloe euro izango dira, eta bestetik 2 miloe euroko beste partida bat sortu da euskerazko ikus-
entzunezko serieak sortu eta produziduteko. EITBren aurrekontuan be indartuko da euskerazko ikus-entzunezkoen aldeko jarrerea eta aurtengo miloe bi gehigarri datoz.

2024an honeek be euskerazko serieak produziduteko eta PRIMERAN elikatzen jarraitzeko 5,1 miloe euro bideratuko dira. Ikus-entzunezkoen alorrean Donostiako Zinemaldiari, Zineuskadiri eta Gidoigileen alkarteari egiten jakezan ekarpenak be indartuko dira 2024an.

Musika eta Arte Eszenikoen arloak be indartuko dira, besteak beste, Musika Hamabostaldiak, EH Musika Bulegoak, Eskenak, Euskal Aktoreen Batasunak edota Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteak (Artekalek) jasotzen dituen dirulaguntzak igoz. Literaturearen arloan Durangoko Azokeak jasoten dauen ekarpena be 175.000 eurora igoko da.

Literaturan beste beka bat sortuko da euskal idazleei zuzendutakoa. Xabier Leteren izena eroango dauen beka hau urtebetekoa izango da eta BBVA Fundazinoagaz lankidetzan egingo da. Guztira 70.000 euroko beka bat izango da eta idazle bati bere sorkuntza lanean buru-belarri jarduteko aukerea emongo deutso. Zupiria sailburuak azaldu dauenez, “egitasmo honegaz idazleen profesionalizazinoa eta goi-mailako euskal literatura-sorkuntzearen uzta handitzea dogu helburu”. Datorren urteko obren artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko lanak (2024an 647.666 eurokoa), Miramar Jauregiko birgaitze eta egokitze lanak (1,2 miloe euro) eta Gasteizko Printzipal Antzokiaren erreformea (2,3 milioi euro).

BERPIZTU eta MRR funtsen bitartez hasitako hainbat lan be gauzatuko dira 2024an: Irungo Urdanibia Jauregia (300.000 euro), Getariako Zarautz Jauregia (607.000 euro) eta Orconera (600.000 euro).

Hizkuntza Politikea

Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen aurrekontua 3,6 miloe eurotan igoko da datorren urtean eta danetara 77.194.169 eurokoa izango da. Eusko Legebiltzarreko agerraldian Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu dauenez, “2024a urte garrantzitsua izango da Hizkuntza Politikearen arloan. Herritarren beharrak eta hizkuntza eskubideak errespetauko dituan aurrekontua diseinau dogu. Eta, jakina, gure politikok adostasunean, lankidetzan eta koordinazinoan oinarrituko ditugu, euskereak, orain arte legez herri kohesinorako elementua izaten jarraitu daian”. Hurrengo hilebeteetan onartuko dira datozen 10 urteetako Hizkuntza Politikearen norabidea zehazteko asmoa dauen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan barria, AROA, edota Euskadiko sektore publikoan euskerea normalizetako dekretu barria. Zupiriak azaldu dauenez, dekretu barria jarrera sendoa da eta salto kualitatibo handia sektore publikoaren euskalduntzean eta ondorioz herritarren hizkuntza eskubideakazko betebeharretan”.

Eremu sozioekonomikoan euskerearen presentzia indartzeko helburuari eutsiz, Euskeraz Barra-Barra proiektuari bultzada esanguratsua emongo jako 2024an, Bikain ziurtagiriaren dekretu berria jarriko da abian, Languages Lanean nazioarteko kongresua egingo da Bilbon, hizkuntzen kudeaketaz hausnartzeko, eta Lanhitz deialdia indartuko da.

Bestalde, HABEra bideratuko da Hizkuntza Politikako aurrekontuaren erdia baino gehiago, 51.676.000 euro. Zupiriak azaldu dauenez, legealdiko konpromiso handienetako bati
erantzunez euskerea ikasteko dobakotasuna indartzen jarraituko dau Eusko Jaurlaritzeak. Gaur egun euskerea ikastea dobn da kasu bi horreetan, beti be mailea egiaztatzen bada: B2 maila eta 16 eta 30 urte bitartekoen kasuan C1 mailea.

Aurten 16-18 urte bitarteko gazteen euskerazko komunikagaitasuna handitzeko eta C1 azterketea prestatzeko ikastaroa doban jarri da eta momentuz 3.200 ikaslek emon dabe izena, eta hurrengo urtean gehiago izango da. Horretarako miloe bat euro aurreikusi dira. Gainera 2024-2025 ikasturtean A1 mailari jagokon komunikagaitasun-mailea eskuratzeko beste dirulaguntza-deialdi bat martxan jarriko da eta ikastaro horreen matrikulea ia dobakoa izateko, 2024-2025 ikasturterako 1.600.000 euro aurreikusi dira. INGURA euskerea ikasteko plataforma teknopedagokiko barria be martxan jarriko da 2024an eta horretarako 700.000 euroko inbersinoa egingo da.

Ingurune digitalean eta hizkuntza teknologietan euskerearen presentzia indartzeko 1,5 miloe eurogaz GAITU-Common Voice proiektua, Datuaren bulegoaren garapena edota HITZ
zentroagaz lankidetzea indartuko da.

Etxepare Euskal Institutua

Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean gogorarazo dauenez, Etxepare Euskal Institutua da “euskal kultura eta euskerearen nazinoartekotzean sailaren eragile nagusia eta hori dala eta 2024an bere jarduerea indartu eta aurrekontua 400.000 eurotan igoko da, danetara 3.848.000 euroko aurrekontua izango dau.

Jarduera Fisikoa eta Kirola

2024. urtean Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzeak 15.598.834 euroko aurrekontua izango dau, igaz baino 2,86 miloe euro gehiago. Besteak beste Usurbilen Orbeldiko Maialen Chourraut Ur Bizien kanalak hasteko 500.000 euro bideratuko dira (1,9 miloe gehiago 2025ean). Bizkaian egoitzea daben Euskadiko kirol federazinoen egoitzea egokitzeko lanetara 3,2 miloe euro bideratuko dira eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri dauenez, asmoa lanak 2024an hastea da. Fadurako Goi Mailako zentroaren birgaitze lanak be amaitukobukatuko dira 2024an eta horretarako 238.000 euro bideratuko dira.

2024 Olinpiar Urtea be izango da eta hori dala eta Basque Team Fundazinoaren aurrekontua 1,7 miloe eurora igon da, aurreko urtean baino 110.000 euro. Zupiriak azaldu duenez, gure goi mailako kirolariei zerbitzurik onenak eskaini eta horreen ikusgarritasuna handitzea da helburua, Euskadiren nazinoartekotzean aurrera eginez.

Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean gogorarazi dauenez, legealdiko apustu sendoetako bat emakumeen kirola bultzatu eta sendotzea izan da eta hori dala eta, 2024an be, emakumeen kirola indartzen jarraituko dau Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Horretarako Pilotan Emakumeen Master Cup zirkuitua eta 3 Hiriburuak torneoak eta txirrindularitzan Emakumeen Itzulia diruz laguntzen jarraituko da, Behobia-Donostia lasterketan emakumeen parte-hartzea eta ikusgaitasuna areagotzeko neurrietan lagunduko dau sailak eta emakumezkoen estadu mailako ligetan (kategoria absolutuetan) parte-hartzeko diru-laguntzea be handitu da. 2024an Bilbon egingo dan emakumeen futboleko UEFA txapelketako finalerako 600.000 euroko inbersinoa egingo dau Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu