'Agiritegi edo artxibo pribatuak, ezinbestekoak gure oraintsuko historia berreregiteko'

Bizkaie! 2023-11-08 09:48   Kulturea

Dokumentu-ondarea memoria kolektiboaren atal esanguratsua eta zehatza da.



Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak atondutako jardunaldien harian, Euskadiko Artxibo Historikoagaz batera, agiritegi historikoetan gordetako dokumentu-funts (XIX. eta XX. mendekoak) pribatu eta personalei buruzko mintegia egin da.

Erakunde publikoen jaubetzako funtsak ez diran arren, artxibo horreek guztiak ezinbestekoak dira eta balio ukaezinekoak, gure historia barrienaren puzzle korapilatsua ezagutzeko guztiz beharrezkoak, askotan, idatzizko lekukotasun ugari galdu edo/eta suntsitu baitira, nabarmendu dau Mireia Zaratek, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia kudeatzen dauen Sabino Arana Fundazinoko presidenteak. Zaratek gogorarazo dauenez, agiritegia edo fundazinoa bera sortu aurretik be, EAJ-k dei egin eutsen alderdikideei eta/edo jarraitzaileei gure historiari lotutako zeinahi dokumentu (pribatuak, pertsonalak, familiakoak...) batu eta jagoteko, etorkizuneko agiritegi baten ernamuina izango zan euskarri batean gordeteko asmoz: Ordutik gaurdaino, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak ehunka dohaintza eta milaka dokumentu jaso ditu», adierazo dau.

Hori dala eta, Sabino Arana Fundazinoko presidenteak eskerrak emon deutsee artxiboen edo agiritegien talde-lanean konfidantzea jarri daben familia guztiei, euren ondare berezia laga dabelako, etorkizunean iraun daian eta gure esku dagozan bitarteko guztiak erabiliz atondu, deskribidu eta zabaldu daiten. Era berean, Mireia Zaratek azpimarratu dauenez, artxiboetan egindako lanari esker, sendiaren nahiz norbanakoen gomuta eta bizipen horreek guztiak, handiak nahiz txikiak, jatorrizko eremutik harago doaz eta mundura zabaltzen dira, gizarte osoaren eskura jarrita.

Beste alde batetik, Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak artxibo personalen garrantzia azpimarratu dau: Artxibo horreetan gordetako funtsen zati handia administrazino-artxiboetatik kanpo dagozan eguneroko bizitzako edo politikako alderdiei buruzkoa da eta administrazino-arlokoak azaltzen laguntzen dabe.

Borja Aguinagalde Euskadiko Artxibo Historikoko (EAH) zuzendariak publikoak ez diran artxibo-funtsak batzeko EAHren politikea azaldu du eta Miquel Pérez Kataluniako Arxiu Nazionaleko Hedapen arduradunak Arxiu-aren jardunbidea aurkeztu dau. Holan, Arxiuk, lau hamarkadatan, izakera personala daben 600 funts baino gehiago txertatu ditu dagoeneko, danetara, 3,5 kilometro linealeko dokumentazino- bolumena.

Emondako azalpenean, Pérezek era horretako funtsen oinarrizko ezaugarriak aletu ditu (kontzeptua, babes juridikoa, egileak zelakoak diran eta horreen ondare-balioa), baita funts horreek artxiboan zelan gorde behar diran be (artxiboa arautzen daben politikak, hartu-emonak lagatzaileakaz, modalidade juridikoak, prozedura eta funtsak erabilteko nahiz kopietako baldintzak). Azkenik, artxibo-tratamendua be jorratu dau (harrerea, sailkapena, deskribapena, digitalizazinoa eta zabalkundea).

Miren Barandiaran Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren dokumentazino-zentroko arduradunak eta Iñaki Goiogana Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko artxibozainak fundazinoek (ekimen pribatuak diran aldetik) alor honetan daben esperientzia azaldu dabe.

Eduardo Jauregi eta Luis de Gezala historialariek moderau dabe jardunaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu