'Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras' erakusketea Bilbon
2023-11-06 13:43 KultureaErakusketea 2023ko urriaren 31tik 2024ko maiatzaren 19ra arte izango da.
Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketea aurkeztu dau. Aurkezpenean egon dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta Sorkunde Aiarza Bilboko Berreginen Museoko zuzendaria. Eurekaz batera egon da Itziar Martija, erakusketearen komisarioa eta Bizkaiko erakundeko Hezkuntza teknikaria.
Erakusketea 2023ko urriaren 31tik 2024ko maiatzaren 19ra egongo da ikusgai eta Egipto eta arlo greko-erromatarra lotzen ditu, erdigunea Isis jainkosa egiptoarra izango dalarik. Isis antxinako Egiptoko jainkosa gurtuenetakoa izan zan eta Greziako zibilizazinoa ezagutu ebanean guztiz eraldatu eta mundu osoko jainkosa bihurtu zan, kultura greko-latindarrean eragin handia hartuz. Holan, kristinautasunean, Mariaren errepresentazinoaren iturri ikonografikoa be izan zan.
Helburuak dira Euskal Museoaren Palacio Olabarria bildumea, Egiptoko jatorrizko objektuak dituana zabaltzea eta Santiago Entrena eta José María Ortuondoren bildumak, Egiptoko antxinako gauzen euskal bilduma pribatu bakarrak ezagutarazotea. Erakusketa honetarako hiru elementu dagoz, Berlingo Gipsformerei-tik eta Parisko Atelier de Moulages-etik eskuratu diranak hain zuzen be.
Bilduma horreetako guztietako piezarik aitagarriena Harwaren Ushebtia da; jatorrizko obra hori serpentina harriagaz eginda dago, Luxorretik ekarri eben eta Euskal Museoaren Egiptoko bilduma bereziaren parte da. Pieza baliotsuenetakoa da, materialarengaitik eta jaubea ezezaguna baita, izan be, Harwarena izan zan, Amonen Adoratzaile Jainkotiarraren Etxezain Handiarena. Harwak hartu-emona izan zituan erregetzeagaz eta zenbait iturriren arabera, leitekeana da Egipto Garai osoa gobernau izana be. Kristo aurreko VIII. eta VII. mendeetan bizi izan zan, XXV. dinastian inskribiduta. Personaia oso garrantzitsua izan zan, gobernuan goi kargua izan baitzeban.
Ganerakoan, Berreginen Museoaren eta Euskal Museoaren bildumei jagokenez, nabarmentzekoak dira Egiptoko piezen kopiak, besteak beste, Pradoren Isisena eta Dediaren Hilarriaren zatia, biak be Berreginen Museoarenak. Hilarri horretan Osiris dago erdian eta bere albo banatan Isis eta Horus. Hilarria Dediak eskaini eban, Amonen Formen Eskribauen buruak, heriotzearen ondoren bizi ona bermatzearren.
Egiptotik ekarri zituan jatorrizko piezak Bilboko Euskal Museoaren bildumakoak dira, besteak beste, Tanetisisen Ushebtia eta lau arpegidun emakume bustoa. Holako lau arpegidun figurak oso bitxiak dira Egipton. Oro har, Hathor jainkosearen errepresentazinoak izaten dira, Inperio Barritik aurrera Isisegaz identifikautakoa.
Santiago Entrena eta José María Ortuondoren bilduma pribatuak. Lehenengoaren bilduman dokumentazino grafikoa dago, Egiptora egin zituen lehen espedizino modernoetako grabatuak edo litografiak. Bigarrenaren bilduman Egiptoko antxinako gauzak dagoz, garai ptolomeotarretik aurrerakoak. Gauzak holan dirala, erakusketea aberastuko daben lau bilduma batu dira eta horri esker, Euskal Museoak bere obrak zabaltzen jarraituko dau, une honetan egiten dabizen birmoldaketa lanakaitik zarratuta dagoan bitartean.
Erakusketeak 40 pieza izango ditu, horreetatik 13 Berreginen Museoaren bildumakoak dira, 12 Euskal Museoaren obrak eta 13 Santiago Entrena eta José María Ortuondoren bilduma partikularretakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!