Bernardo Atxaga eta Xauan Bello aurrez aurre Bilbon

Bizkaie! 2023-11-06 09:59   Kulturea

'Eztabaidak literatureagaz XXI. mendean' zikloaren barruan izango da topaketea.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak aitatu zikloaren hitzordua dakar. Hitzordua zemendiaren 7an izango da eta fokuak egileen berezko begiradetan jarriko dira. Jardunaldi honetan Bernardo Atxagak eta Xuan Bellok hartuko dabe eta Kike Martin kazetariak gidatuko dau.

Topaketan zehar, honako galdera honeei erantzuten saiatuko gara: Zertaz berba egiten da idazle baten munduaz gabizenean?; bat al dator haren begiradea gure ingurura begiratzen daben gehienakaz?; edo zein da danok besteen munduetan, besteak beste, Obaba edo Paniceirosen munduetan, jazotako istorioakaz dar-dar eragiten deuskun substratu amankomuna?

Bernardo Atxaga

Euskal literaturako adierazle handienetakoa da, euskerazko literaturea barritu dauena, euskerazko idazlerik irakurriena eta itzulpen gehien dituana; ipuina, eleberria, poesia eta saiakerea batzen dituan bibliografia zabala dau. Atxagak bere lehen eleberriari esker, Bi anai, Kritikearen Saria emon eutsen 1985ean eta Obabakoak lanagaitik, Obabako mundu idilikoaren amaierea kontetan dauen eleberria, Kritikearen Saria, Euskadi eta Literatura Sari Nazionala jaso zituan 1989an. Azken liburu hori da, duda barik, nazinoartean arrakasta handiena izan dauen euskerazko liburua, 26 hizkuntzatan itzulia eta Montxo Armendarizek 2005ean zinemara eroana. Bernardo Atxaga Euskaltzaindiako kidea da 2006tik eta ukaezina da euskal kulturearen esparru osoan dauen eragina, izan be, haren poema asko euskal talde eta kantautoreek musikalizau ditue. Joan dan 2019an, Espainiako Letren Sari Nazionala emon euitsen bere obra osoagaitik.

Xuan Bello

Asturierazko espainiar literaturako idazle nabarmenetako bat da. Literatur ospea Historia Universal de Paniceiros argitalpenari esker hartu eban, Ramón Gómez de la Serna saria irabazi baitzeban eta 2003an kritikeak gehien goraipatu eban liburuetako bat izan zan. Belloren figureak eta bere lanak sari ugari jaso ditu, horreetako azkena Asturiasko Literatura Sari Nazionala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu