Eusko Jaurlaritzeak 'Languages Lanean' kongresua atonduko dau
2023-11-06 07:54 KultureaEgun biko topaketea izango da, 2024ko urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Museoan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan kongresua atonduko dabe 2024an. Egun biko topaketea izango da Bilbon, urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Museoan. Lan munduan hizkuntza-kudeaketeak dauen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua daben praktika onak zabaltzea du jomuga kongresuak. Etorkizunari begiratzen deutso kongresuak, sektore sozioekonomiko globalizau bati, izan be, hizkuntza-kudeaketea beharrezkoa da kalidadezko zerbitzua eskaintzeko eta merkatuan lehiatzeko.
Gaur egungo gizartearen ezaugarriak dira, besteak beste, globalizazinoa, aniztasuna edo nazinoartekotzea, eta horreek hizkuntza-kudeaketearen konplejutasuna areagotzen dabe jarduerea ekonomikoan. Aukera barriak be suertatzen dira, hizkuntza-teknologien edo adimen artifizialaren eskutik. Languages Lanean kongresuaren helburua da alor horretako esperientziak ezagutzea, irakaspenak partekatzea eta horreen gainean eztabaidatzea. Hizkuntzeari jagokonez, euskerea lehenetsiko da kongresuan eta gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez jarraitzeko aukerea be eskainiko dabe.
Hizlariak
Lehen edizino horretan, erakunde publiko-pribatuetako 50 bat arduradun izango dira protagonista. Tokiko zein nazinoarteko erakundeetako ordezkariak batuko dira Bizkaiko uriburuan, baita kulturearen arloko adituak be. Eremu publikoari eta pribatuari eragiten deutseen aztergaiak eta sektoreen araberako mahai-inguruak be programauko dira egun bi horreetan.
Halanda ze, hilaren 18an, eguenean, nazinoarteko erreferentziazko erakunde eta enpresetako ordezkarien aurkezpenakaz hasiko da kongresua. Sektore askotako ordezkariak eta berbaldiak egongo dira arratsaldean, esaterako, hizkuntza kudeaketeak zerbitzuen kalidadean dauen garrantzia, enpresa publikoak egiten daben traktore lana, hizkuntza teknologiak, enpresen aukerak eta erronkak, aurrera egiteko baliabide eta tresnak hain zuzen be.
Hurrengo egunean kultura arloko eragileen txandea izango da; tartean, Pello Reparaz, Itziar Ituño eta Estibaliz Urresolaren esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango dira. Behin betiko parte-hartzaileen zerrendea osotzen joango da hurrengo asteetan.
Ekitaldi horren babesleak dira, halaber, Eudel, UEMA, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.
Izen-emotea zabalik
Languages Lanean kongresua publiko orokorrari zabaldutako jarduera izango da, eta lan-eremuko hizkuntzearen erabilerearen inguruan kezkak eta ezagutzak partekatu nahi dituen enpresariei, langileei, bezeroei zein hornitzaileei egin deutsee berton parte hartzeko konbita.
Izen-emotea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!