Jokin Pinatxo izango da protagonista Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2023-11-03 13:00   Bertsolaritzea

Urtebeteko bidea egin dau Janus Lester-en Ez gaitzala loak harrapatu lanak. 

Mirari Martiarena eta Jokin Pinatxo | Ikusi handiago | Argazki originala

Jokin Pinatxo beratarra da taldearen ahotsa eta beragaz alkartu da Hitzetik Hortzera. Askok ez dakiten arren, bertsolaria eta bertsozalea be bada. Gazteagotan Berako Bertso Eskolan ibili zan; etxetik jatorko bertsozaletasuna eta orain bertsotan ez dabilen arren, gertutik jarraitzen ditu bai Bertso Eskolako kontuak, baita bertsoaren bueltan sortzen diranak be, berbarako, Nafarroako Bertsolari Txapelketea. Eskolartekoan, plazetan eta sariketaren batean kantuan ibilitakoa da Pinatxo.

Ez gaitzala loak harrapatu, Dap-dap edo Maitasuna tabu abestiak ezagunak egin dira Janus Lester-en jarraitzaileen artean, baita Errenterian ospatutako Kilometroetako abestia be. Jon Maia bertsolariaren berbei musikea jarri eta Erriola abestia egin eben alkarlanean.

Bertsotan ikasitako hainbat gauza lagun izaten ditu kantuak sortzerakoan Jokinek. Horreei buruz eta azken urtean Janus Lester taldeak izandako erantzun bikainari buruz berba egingo dau Mirari Martiarenagaz. 2023ko udagoiena kontzertuz kontzertu ibiliko dira eta bigarren disko atontzeko lanak egiten gogotsu dabiz Janus Lester taldeko kideak, izan be, sekulako erantzunaren arrazoia euren abesti batek dinoan moduan kolosala izan da.

Errenteria eta Lekunberriko bertsoak

Errenteriako Niessen aretoan egindako jaialdiko bertsoaldiez gozetako aukerea izango dabe Hitzetik Hortzerako ikus-entzuleek. Amaia Agirre ibili zan gai-jartzaile lanetan eta Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsotan.

Lekunberriko jaietako bertso saioan, barriz, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Sustrai Colinak kantau eben, Maddi Soroa eta Olaia Soroaren esanetara.

Gogoratu: Hitzetik Hortzera zapatuan, zemendiaren 4an, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu