Oihana Bartra: 'Plazearen kontzeptua zabaldu egin da'
2023-11-06 07:55 BarriketanOraintsu Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, Igorreko saioa irabazi eta zuzenean lortu dau zemendiaren 25ean jokatuko dan Lemoako finalaurrekora zuzenean sailkatzea (Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Oihana Bartra Arenas, Josune Aramendi Perez eta Aissa Intxausti Aburruza).
Sailkapen nagusiari erreparauta, Ibai Amillategi (479'00) dago lehenego postuan eta Oihana Bartra da bigarren 477'50 puntugaz. Hurrengoak dira Mikel Goiriena, Iruri Altzerreka eta Unai Mendiburu.
1.- Zorionak Oihana Igorreko saioa irabazteagaitik. Aissa Intxausti eta ganerakoei irabazi ostean ze gogoeta egin zeinke? Maila polita dago ala sorpresaren bat edo beste hartu dozu?
Eskerrik asko. Saio polita izan zan eta hasierako estutasunak desagertu ziranean, gustora ibili nintzan baina nigaz batera Igorren kantau ebenak ez dira edozein. Egia da bidurtxua beti izaten dozula, txirrist egiteko aukerak be hor dagoz baina azkenean Aissagaz burrukan biok emon genduan barruan geunkan guztia eta neuk irabazi neban. Pozik nago.
2.- Azken kanporaketea Lekeition jokatu zan baina orain artekoaz ze irakurketa egiten dozu? Aissa Intxausti beredatzigarren dago eta Paule Ixiar Loizaga 16. postuan. Besteren bat nabarmenduko zeunke?
Aitatu dozuzan horreek eta gazteak be nabarmenduko neukez, Unai Mendiburu eta Iruri Altzerreka polito dabiz eta, jakina, ezustekoren bat be egon daiteke.
3.- Lemoako finalaurrekoan, besteak beste, Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal izango dozuz arerio. Saioa irabazi eta finalera...
[Barreka] Holan da. Finalaurrekoetan gagoz eta esan dozun moduan zemendiaren 25ean Lemoan izango gara Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta neu; zer esango deutsut, danak onak, neu tartean egonda lar esatrea bada be...
Eta gogoan izan, Berrizen, zemendiaren 11n eta Santurtzin, zemendiaren 18an, jokatuko dirala beste finalaurre biak eta horreetan be bertsolari onak dagozala.
4.- Berrizeko eta Santurtziko finalaurreak be maila handikoak izango dira, besteak beste, Xabat Galletebeitia, Jone Uria eta Aitor Bizkarra saio horreetan izango diralako. Gustora zagoz Lemoako saioan kantetako edo ahal izango bazeunke batera edo bestera salto egingo zeunke?
Ez. Gustora nago Lemoan batuko garen bertsolariakaz kantetako gogotsu.
Ganerakoan, badakizu umetan hasi nintzala bertsotan eta sariketa bat edo beste irabazita gagoz
5.- Señora Bertso Eskolan badaroazue denporatxua eta dakigunez astean baten batzen zarie Bilboko Bira Kulturgunean. Señora Sariketak eta ezagutzen doguz baina izen hori ardatz hartuta dator izena?
Bai edo. Señora Sariketa horretatik hartu genduan izena, zeozelan konpartidu egiten doguzalako haren jarrerea eta estiloa. Feminismoa, emakume bertsolarien aldeko jarrerea dira geureak be eta horixe izena ipintea erabagi genduan.
Asteko martitzenetan batzen gara Bilboko Bira Kulturgunean eta pozik gabiz.
6.- Señora Bertso Eskolea zeuk jarri zenduan martxan? Zerk eraginda?
Bai. June Fernandezek esan eustan Bertso Eskola bat sortu edo martxan jarri beharko neukela eta hor hasi ginan. Orain urtebete hasi ginan eta orain arte egin izan doguz barriketaldi batzuk. Balorazinoa ona da, talde polita osotu dogu eta jente barria be hurreratzen jaku.
Santutxuko Bertso Eskolan be ibilitakoa naz eta ibili banabil orain be eta sano gustora, jente barria ezagutzen dozu eta norberarentzako be oso aberasgarria izaten da.
7.- Silaba, errima, egitura eta holakoak lantzen dozuez?
Aitatu dozuzan horreek jorratzen doguz bai eta bertsotan inoiz ibili bakoak eta hurreratzen jakuz eta danetarik egin behar izaten dogu inor ez daiten gogaitu. Egunaren arabera, bertsotan be ibilten gara, puntuka be bai, errimak emonda, idatzi edo bakotxak gura dauen moduan. Gainera, oraintxe zemendian bertso saio bat be badogu eta ia zelako esperientzia dan.
8.- Gizonak alde batera eta emakumeak bestera jesarten ziran lehenago eleizetan. Señora Bertso Eskolan zenbat zabizie? Edadeari erreparauta, umeak, gazteak, helduak...
Gurean danetarik dago, gehienak gazteak dira baina ez deutsagu inori ateak zarratzen. Gaur egun, hogei inguru batzen gara.
9.- Bertsolaritzan ez zara atzo goizekoa, eta orain urte batzuk, 2002an edo, Bizkaie-ri esan zeuntsan: 'Plaza gitxi, bertsolari gazte asko eta danontzako lekurik ez'. Gaur egun zer esango zeunke, bertsolaritzea osasuntsu dago? Zer falta dau?
Aitatu esaldi edo titular horretako txatal batzuei eutsiko neuskie gaur egun be baina plazak nabarmen gehiago dagoz orain, gitxitxuago gazteentzat baina pasu batzuk aurrera egin doguzala pentsetan dot. Plazearen kontzeptua zabaldu egin da, saio tematikoak, tramak, saio musikatuak eta bestelakoak be sortu dira eta jentea erakarteko onak dira.
Ganerakoan, saioetan gora egin dau emakumeen presentziak eta horrek bertsolaritzea aberastu egin dauela uste dot.
10.- Umoretsu amaitzeko Albe Zirkua jaialdian parte hartuko dozu Getxon, Jon Maiagaz batera. Zer topauko dau horra joatea erabagiten dauenak?
Zemendiaren 10ean izango da baina gauza handirik ezin deutsut esan eta ez sekretua dalako , oraintsu abisau deustielako baino. Saio tematikoa izango da eta Jon Maia eta biok kantauko dogula. Saioaz gan, zirku giroko otordua be izango da. Berbearen malabaristatzat hartu gaitue Jon Maia eta neu, atara kontuak.
Propagandea egiten ixten badeustazu, sarrerearen prezioa 15€ izango da, (8€ lanbako eta ikasleentzat). Izena emoteko deitu 605704385 telefonora edota idatzi albegetxo@gmail.com helbidera.
Beste gauzatxu bat be nabarmenduko deutsut ze zemendiaren 6an hasiko da Bertsolari Gazteen XXXI. Sariketea Markina-Xemeinen (Santa Eufemiko zelaixen / Sagutxo kaskarinak) eta hitzordu garrantzitsua izaten da hori gazteentzako, plazan zelan jokatu eta martxea hartzen joateko ezinbestekoa; eta nik neuk holako sariketa baten egin neban jentaurreko lehenengoa, noiz izango ete zan, pasau dira urteak baina ondo gogoan daukat esperientzia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!