Argia Ereiten Euskera Saria: Haria gazte aisialdi alkarteak jasoko dau aurten
2023-11-02 10:48 Euskerea berbagaiGetxoko Udalak atondutako Argia Ereiten Euskara Saria sano garrantsitsua da.
Taldea sortu zanetik, begiraleak era boluntarioan ibili dira lanean jarduerak atontzen, tartean udaleku ibiltariak, txangoak eta mendira eta kultur ondarera hurreratzeko ekimenak. Ibon Garagarza getxotarraren eskulturea dan saria datorren zemendiaren 7an, martitzenean, 20:00etatik aurrera, Muxikebarrin izango dan ekitaldian jasoko dabe gazteek.
Haria taldea 2019an sortu zan, Bapiruke udalekuetako begirale batzuek konturatu ziranean ekimen horretan edadeagaitik parte hartu ezin eben gaztetxoek inguruan ez ebela beren aisialdirako antzeko eskaintzarik. Giro horretan, sei bat monitore hasi ginan pentsetan 12 eta 18 urte artekoentzat euskeraz jarduerak egiteko hutsunea egoala eta lanean hasi ginan eta berehala Haria taldea jarri genduan martxan, azaldu dau Garazi Aranguren, ekimenean hasieratik dagoan begiraleak. Taldeak hainbat balio sustatzea be badau helburu, besteak beste, mendizaletasuna, naturea jagotea, euskal ondarea, kulturartekotasuna eta ingurua ezagutzea, auzolana eta euskal gazteak hartu-emonetan jartea giro jatorrean. Horretarako, udaleku ibiltariak eta urtean zehar txangoak eta ekitaldiak atontzen ditue, herriko bizitzan parte hartu deien, biharko belaunaldi kritiko eta zentzudunak eregiz. Taldearen izenak adierazoten duenez, nerabe eta euskerearen arteko hariari eusten lagundu nahi dabe.
Gazte taldeak lehen udaleku ibiltaria 2020an atondu eban Uribe Kostatik eta orduitik etenbarik dabiz euskereagaz eta gazteakaz hartu daben konpromisoa aurrera eroaten era asanblearioan, gazteen eretxiak eta partaidetzea kontuan hartzen. Lan boluntarioa danez, batzuetan gatxa izaten da konpromisoa beren bizitzaren zereginakaz bateratu edo buztartzea: Badakigu beti gure berezitasun bat borondatezko lana izatea dala, proiektuan sinisten dogulako eta xarmeari eutsiko deutsagulako. Horregaitik eta proiektuak jarraipena izan daian, begiraleek 18 urte beteten dituen gazteak animetan ditue monitoretza titulua atara eta taldearen proiektuagaz bat egiten jarraitzeko. Momentu honetan, 18 eta 32 urte bitarteko 10 bat monitore dabiz lanean eta Arangurenek azaldutakoaren arabera, jarduerak 50 gaztetxori eskaintzeko modukoak dira. Gehienez autobus batean sartzen diranak onartu leikiez eta laguntzeko furgoneta baten, bazkariaren eta behar izatekotan aterpetxearen gastuak familiek ordaintzen ditue, ez dabelako diru-laguntzarik jasoten.
Taldearen eskaintzearen berri jentearen artean ahoz aho zabaltzen dabe eta urtetik urtera gero eta gaztetxo gehiago hurreratzen jakez.
Elisabete Egiguren, neskato biren ama da eta ondo ezagutzen ditu Haria taldearen lana eta begiraleen esfortzua: Hasierako urteetan alaba nagusia apuntau zan, euskaraz jarduerak egin ahal izateaz gan, lagunakaz bizimodua euskeraz egin ahal izateko eta orain lekukoa alaba txikiari pasau deutso: Oso pozik joaten da eta jardueretatik kanpo be hartu-emonak izaten jarraitzen dau. Gure familiak bat egiten dau taldeak sustatzen dituan baloreakaz. Begiraleek lan bikaina egiten dabe, ordu asko emoten dutue lanean eta horri esker oso talde onak sortzea lortzen dabe, nabarmendu dau Egigurenek.
Ekain Escudero, 16 urteko gaztea be bat dator Egigurenek esanakoagaz. Parte hartzen dau taldeak atondutako jardueretan euskeraz bizi nahi dauelako eta oso ondo sentiduten dalako. Bapiruken amaitu ondoren, aukera ezin hobea iruditu jakon eta haren eretxiz, kalean euskera gitxi entzuten da eta euskeraz biziteko aukerea emoten deusku Haria alkarteak. Oso giro polita dogu gure artean, familia bat gara, autortu dau gazteak.
Kontuak kontu, Haria taldeko sustatzaile eta parte-hartzaile guztiak pozarren dago jasotako sariagaz, eurek egiten daben lana eta daben konpromisoa autortzea dalako. Ekain Escuderori ilusino handia egin deutso proiektua ikusarazoteko balioko dauelako; Elisabete Egigurenek bat egiten dau Escuderogaz: Uste dot begiraleen meritua nabarmentzeko balio dauela eta begiraleak be pozik eta harro sentiduten dira, iilusino handia egiten deusku errekonozimendua eta bultzadea be izango da hurrengo jarduerak atontzen jarraitzeko, esate baterako mendira ibilaldia zemendian eta Gabonetako plana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!