Altsasun jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa

Bizkaie! 2023-11-02 08:30   Bertsolaritzea

Zemendiaren 4an, Iortiako Kulturgunean izango da saioa, 17:30ean.

Urriaren 7an hasi zan 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketea, Iruritan eta Vianan, Uharten eta Leitzan be geldialdiak egin ostean, heldu da finalaurrekoen fasera. Zapatu honetan, zemendiaren 4an, jokatuko da hain zuzen be, fase horretako lehen saioa, Altsasuko Iortia Kulturgunean, arratsaldeko 17:30ean hasita. Sei bertsolari egongo dira oholtzan kantari: Sarai Robles Vitas, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Saioa Alkaiza Guallar, Saats Karasatorre Martinez, Eneko Fernandez Maritxalar eta Patxi Castillo Graciarena. Zigor Gartzia Zian izango da gai-jartzaile eta epaile lanetan Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena ibiliko dira. Sarrerak salgai dagoz hemen eta egunean bertan, leihatilan, 16:00etatik aurrera.

Finala izango dabe jomugan bertsolariek: Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2ko Iruñeko finalera; besteek, barriz, finalaurrekoen fase osoa amaitu arte itxaron beharko dabe, sailkatu diran ala ez jakiteko. Altsasukoagaz batera, beste finalaurreko bi izango dira: Zemendiaren 11an Agoitzen eta 19an Lesakan. Fasean kanrtauko daben 18 bertsolarietatik zortzik eskuratuko dabe finalerako txartela.

Orain arteko ohiko ariketez gan, barri bati be heldu beharko deutse bertsolariek fase honetan, izan be, zortziko handiko, zortziko txikiko eta hamarreko txikiko ariketei, puntukako ariketea be gehituko jake, bikoteka, zortzi bertso osotu bitartean. Ganbarako ariketan, ostera, bakarka kantau beharko dabe gaia emonda nahi dan doinu eta neurrian hiru bertso kantatea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu