Epaitegien esku hartzearen aurrean, zemendiaren 4ko manifestazinoan parte hartzeko deia egin dau Kontseiluak
2023-10-31 13:53 Euskerea berbagaiArratsaldeko 17:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian hasiko da.
Azken urteotan euskerearen bizibarritzea helburu daben neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak ugaltzen joan dira, bai EAEn zein Nafarroan. Sententzia horreek guztiek jatorria botere judizialaren eskutik euskerearen ofizialtasunaren berrinterpretazino batetik dator, gaztelaniaren nagusitasuna dudann jarri leiken edozein neurri Konstituzinoaren kontrakotzat joten hasi diralarik epaileak.
2023ko maiatzean euskalgintzako eta bestelako gizarte eragileetako ehunka kidek zemendiaren 4ko manifestazioa iragarri eta irailaren 26an deialdia berretsi eben. Agerralditik agerraldira ugaldu egin dira oldarraldia jentaurrean salatzeko eta euskerearen alde mobilizetako arrazoiak, izan be, Udal Legearen eta garapen dekretuaren gainean hartutako azken epaiek euskerearen normalizazinoaren aldeko politika publikoak egiteko erdigunea deseregi dabe, herritarron hizkuntza-eskubideen babesbakotasuna handitu dabe.
Sententzia isolatuetatik harago, botere judizialaren oldarraldia da eta zapatuan desadostasuna jentaurrean agertzeko aukerea izango dabe. Prentsaurreko honetan, manifestazinora joateko herritar guztiei zuzendutako hiru arrazoi aurkeztu ditue: Lehenik, botere judizialaren esku hartzeak salatzeko. Auzitegiak euskerearen normalizazinorako politika publikoak bideratzeko arau eta neurriak baliobakotzen dabiz eta horrenbestez euskerearen normalizazinoa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala jabilku hizkuntza politikak egiten, izan be, epaiez epai jaubetzen gara arau, neurri, arlo eta legeei eragin arren, sententzia honeetan guztietan badirala elementu jakinak, hau da, ukatu egiten dala euskerearen hizkuntza gitxitu eta zaurgarri izakerea eta, horrenbestez, politika publikoen bidez euskerea sustatzeko preminea eta betebeharra. Udal Legea garatzeko dekretuaren kontrako epaietan nabarmen geratu da hori.
Bigarrenik, euskerea da zaurgarritasun egoeran dagoan hizkuntzea. Euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko momentua da, ez atzera egitekoa.
Hirugarrenik, herritarron eskubideak erdigunean jarri behar dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!