III. VillaSound Jaialdia Ithaka taldearen estaduko bireagaz amaituko da

Bizkaie! 2023-10-31 11:21   Musikea

Gipuzkoako Ithaka laukotea izan da aukeratua mentoring fasearen ondoren. 

Fase horretan, beste bost bandak eta bakarlarik be parte hartu dabe: Julen, Nko, Lova Lois, Sofia V eta Marban. Kontzertuak dira, hain zuzen, Bilboko Udalak atontzen dauen jaialdi honen azken fasea eta Bizkaian (Gernika) eta Estaduko hiru aretotan egingo dira.

Kontzertuetako bakotxean, Ithaka taldeak beste banda ospetsu bategaz joko dau (Belako, El Txef A eta Apartamentos Acapulco) eta, holan, taldearen proiekzino artistikoa eta talentua bultzatzeaz gan, beste gazte talde batzuekazko sinergiak be sustatuko dira.

Gipuzkoako Ithaka taldea hautatu dabe VSB TOUR bira egiteko. Lau kontzertuko bira bat da eta 2023ko azken hiruhilekoan egingo da. Kontzertuak Bizkaian (Gernika) eta Toledo, Zaragoza eta Kordoban izango dira.

VSB TOUR birearen helburua da hautatutako taldearen eta haren talentuaren proiekzinoa sustatzea eta beste uri batzuetako talde gazte emergente batzuekaz hartu-emonak eta sinergiak eragitea.

Bilboko Udalak 2020ko urrian jarri eban martxan VillaSoundBilbao jaialdiaren lehen edizinoa. Hirugarren edizino honetan, zenbait fase izan dira: Lehenengoan, VillaSoundBilbao FEST egin zan eta Bilborocken kontzertuak egin zituen hasiera batean hautatutako 12 bandek; bigarrena VillaSoundBilbao Mentoring fasea izan zan eta hor 12 talde horreetako 6 hautatu baitziran formazinoa eta laguntasun profesionala jasoteko (Julen, Nko, Lova Lois, Sofia V, Marban, eta, jakina, Ithaka); hirugarrena eta azkena, VSB TOUR birea da, eta fase honek zarratuko dau jaialdiaren hirugarren edizinoa.

VSB Tour 2023

Zemendiaren 3a, barikuan, Toledo/ Círculo del arte: Belako + Ithaka.

Zemendiaren 25ean, zapatua, Zaragozako Sala Z: Apartamentos Acapulco + Ithaka.

Abenduaren 10ean, domekan, Kordoba Hangar Aretoan: Belako + Ithaka.

Abenduaren 29an, barikuaan, Gernikako Astran: Ithaka + El Txef A + Ithaka

Gipuzkoan sortzen dagoan eszena barritik dator Ithaka, Orio eta Zarauztik. 2004ko lau gazte dira taldean: Josune Freire (bateria), Eneko Eizagirre (bajua), Arantza Igartua (gitarrea) eta Leire Olariaga (ahotsa eta teklatua). Joan dan urtean (2022) Gaztea Maketa Lehiaketako ikus-entzuleen saria irabazi eben eta, aurten, Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuiturako hautatu ditue.

Gipuzkoako bandea alt-rock, stoner, post-punk eta post-rock generoetan dabil. Muse, Joy Division, Belako, Lukiek eta Wolf Alice taldeek izan dabe eragina Ithakaren lehen lan luzean. Ithakaren lehen diskoaren norabidea markau dabe, batetik, bateria sendoek, bajuaren riff melodikoek, gitarrek eta, bestetik, riff gogorragoek, energiaz betetako tekladuek eta ahots malenkoniatsuek. COVIDaren osteko talde emergente honen abestiek itxaropenik bako gizarte bati buruzkoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu