Hezkuntza eredurik ez!

Bizkaie! 2023-10-31 08:44   Euskerea berbagai

Irakaskuntza arautuaren mugak agirikoak dira.



HEAko (Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeko) sektorekook Hezkuntza Lege barriak hizkuntza-ereduei eusteko arriskuaren aurrean irakurketa eta eskaera bateratua egiteko batu dira. Agerraldi honetan Gabriel Arestiko Isa Isazelaia, Maizpide Barnetegiko Laida Begiristain, Juan Mateo Zabala euskaltegiko Nerea Telleria, Bilbo Zaharra euskaltegiko Jon Maguregi eta AEK-ko Lurdes Etxezarreta, Aitzol Gastañazatorre, Galder Lizarralde eta Aize Otaño ordezkariak dagoz; baina Herri Ekimeneko Euskaltegi askok babestu dabe adierazpen hau: ELKARLAN sareko Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra eta Joan Mateo Zabala euskaltegiek; BATUZ Euskaltegi Elkarteko Ulibarri, Urrats, Illazki, Hitzez, Legazpi6, Altza-Urumea, Herri Jakintza eta Udaberria euskaltegiek; Gasteizko, Nafarroako eta Errioxako IKA euskaltegiek; Federatu gabeko Leizaur, Jose Antonio Agirre eta Bai&By euskaltegiek; Maizpide Barnetegiak; eta, azkenik, AEK-k.

Desagertu nahi eta ezin. Hizkuntza-eredurik ez

Askotan azpimarratu da Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzearen sektorea estrategikoa dala herria euskalduntzeko prozesuan. Euskerearen normalizazino-prozesuan beharrezkoa da herritar guztiek euskeraz jakitea eta euskerea eroso erabili ahal izateko espazioak izatea eta, jakina, horretan guztian sektoreak ezinbesteko ekarpena egiten jarraitzen dau.

Beste alde batetik, egia da hainbatek uste izan dabela belaunaldi barriak euskeraz eskolaratzeak berez euskaldunduko ebala herria. Zoritxarrez, denporeak erakutsi deusku hori ez dala nahikoa; irakaskuntza arautuaren mugak agirikoak dira.

Orain da momentua muga horreek gainditzeko eta salto egiteko:

EAEko Hezkuntza Legearen adoste-fasean gagoz eta behar-beharrezkoa da martxan jartea belaunaldi barriei euskerearen ezagutza egokia bermatzeko euskerazko ikas eredu orokortua. Euskerearen ezagutzearen unibersalizazinoak hiru hanka ditu: Hezkuntzea, Transmisinoa eta Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzea. Hiruetako batek kale egin ezkero, herren eta nekez helduko gara euskerearen ezagutzearen unibersalizazinora.

Zoritxarrez, Hezkuntza Lege barriak bere egin leikez urte luzez euskerearen normalizazinorako muga izandako tresna atzerakoiak, berbarako, Hizkuntza ereduak, hain zuzen be. Ereduen sistemeak ez dau inondik inora be bermatzen etorkizuneko belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortzea eta ezarritako euskerazko komunikagaitasun mailak izatea.

Zirriborratutako legeak ez dau jasoten jomuga horreetara heltzeko zein hizkuntza-ereduri jarraituko deutson, nahiz eta ardatz euskerea izango ei dauen.

Hizkuntza-ereduari jagokonez, zelan interpretau behar dogu sistema eleaniztuna izatea? Dudarik ez dogu hizkuntzearen eremuan hutsune nabarmenak dituala legeak eta, gure ustez, euskerea ikas eta irakas-hizkuntzea izango dauen ikas eredu orokortu inklusiboak izan behar dau oinarria. Hezkuntza Legeak euskera gehiago behar dau, gitxien dauenari gehiago emon ahal izateko. Gure sektorea etorkizunean desagertzeko asmoz sortua izan zan eta lege-proposamen honek aurrera egin ezkero, ez dogu inoiz lortuko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu