Bigarren Hezkuntzako ikasleak egun batez auzitegiko polizia bihurtu dira
2023-10-30 13:17 KultureaLapurreta bat argitu behar dabe Forensic Science proiektuaren barruan.
Nazinoarteko banda batek lapurreta egin dau Itsasmuseumen. Merkataritza Arautzeko Ordenantzen liburu historikoa lapurtu dabe, balio historiko handia duena. Horixe da Aurtengo Forensic Science proiektuan parte hartzen daben ikasleek ikertu eta argitu beharreko kasua. Horretarako, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Burutzak delitu hori sortu dau Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako Forensic Science STEAM Hezkuntzako (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) proiektuaren barruan.
Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Barrikuntzaren zuzendaria izan dira Hezkuntza Sailak sustatzen dauen STEAM Euskadi Estrategiagaz ezin hobeto lerrokaturiko hezkuntza-jardueran. Auzitegiko zientziaren bitartez, proiektu barritzaile horrek konpetentzia teknikoak nahiz zeharkakoak garatzen ditu, modu horretan ikasleen bokazino zientifiko-teknikoak piztuz.
Aurton, 26 ikastetxek parte hartzen dabe, eta proiektu horren bidez taldean lan egitea, barrikuntza, ikertzeko trebetasunak eta pensamendu sortzailea eta kritikoa garatuko ditue ikasturtean zehar egingo diran jardueren bitartez. Gaur, hilak 30, besteak beste, 10 ikastetxetako 10 ikaslek parte hartu dabe Bilboko Itsasmuseumeko lapurretaren simulazinoan. Hauek dira ikastetxeak:
- CEIP José Miguel Barandiaran HLHI.
- CEIP Otxarkoaga HLHI.
- Colegio Gaztelueta Ikastetxea.
- Colegio El Regato Ikastetxea.
- CPI Deustuko Ikastola IPI.
- IES Aixerrota BHI.
- IES Altza BHI.
- IES Ategorri BHI.
- IES Etxebarri BHI.
- Nazaret Zentroa.
Forensic Science proiektuak zientzia eta teknologia artegaz eta humanidadeagaz integratzen ditu, horreen testuinguru historikoa eta zuzenbidea buztartuz. Ikasleek ikastetxeetan diziplina zientifiko eta teknikoetan eskuratzen ari diran ezagutzak erabiltzen ditue krimenaren lekuan bildutako ebidentziak aztertzeko, metodo zientifikoa jarraituz ikerketa egiteko eta poliziaren aurrean defendatuko daben ondorioak ezartzeko.
Ikerketea ahozko epaiketa egiten danean amaituko da, eta epaiketa hori proiektuan parte hartzen ari diran ikastetxeetan egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!