Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau dau Itxaro Borda
2023-10-30 07:45 KultureaAkademiaren barne-arauek agintzen dabena jarraituz, sarrera-hitzaldia irakurri eban jendaurrean.
Euskaltzaindiak 2022ko zemendiaren 26an izentau eban euskaltzain oso Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Barikuan, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari eutsiz, sarrera-hitzaldia irakurri eban jentaurrean. Maddi Oihenart abeslariak eta Juantxo Zeberio musikariak girotu eben atarikoa, eta ondoren, hasierea emon eutsen ekitaldiari. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-René Etchegaray Baionako alkateak ondoetorria egin eutsen bertaratutakoei eta, jarraian, Itxaro Bordak Sarrera-hitzaldia irakurri eban.
Mugearen konzeptuaz, euskereagaz ditua hartu-emonez edota euskal idazle moduan izandako zenbait bizipenez ibili zan, tarteka berak idatzitako poema-sortak irakurriz. Hasierean, berari egokitu deutsen 4. jarlekuan jesarritako euskaltzainak izan ditu gogoan: Videgain, Campion, Guerra, Etxaide, Lartzabal, Peillen... Eta bere berbaldiaren titulua be euskaltzain baten idazlan bati eginiko keinua dala esan eban, hain zuzen, Piarres Lartzabalen Mugari tiro antzezlanari.
Muga bebearen inguruko gogoeta sakonak egin zituan Bordak, berba horrek euskaldunengan sortzen dituan kontraesan eta bildurrak aletuz: Mugatua dan mundu bateko persona mugagabeak gara (...). Muga personifikatuak. Hor dira jartzen doguzenak, jartzen deuskuenak. Berak be muga franko gurutzatu ditu bere bizitzan zehar, batzuetan buelta barik. Autortu dau espazio horretan orekea galtzear egon dala sarritan, oreka galdua zuteneaz eguneroko ahaleginetan, halakoak ondorioztatuz: Mugak, tarteka, errotzen eta exiliatzen deusku (...). Muga, batzuen amesa da eta besteen amesgaiztoa.
Frontera eta muga berben arteko ezbardintasunak be aztertu zituan, muga berbeak marra soila eta askotan arbitrarioa dan fronterak baino espazio sendoagoa beteten dauela esanez. Literaturea be mugako egikera omen, eta esangura horretan, berak mugalari izpiritua dauka, onerako eta txarrerako. Hor nago, egundainokoan, orekaren mugetan, ezagutzen ez dodazena leikiela oin pean eta erortzeak zenbat kostatzen dauen hausnarrean, autortu eban Bordak, idazlea, hondarrean, Sisifo bat dalako.
Ondoren bere ibilbide literarioa aletu eban, haren inguruko hizkuntzegaz izaniko hartu-emonez hain zuzen be. Memoriaren intimidadean alkar bizitzen genduzen euskerea, gaskoia, frantsesa eta kolegioan gehitutako ingelesa eta gaztelania (...). Askotan arras euskaldunak ere ez ginala entzun behar izan genduan, gu baino perfektuagoak ziran euskaldunen partetik. Mugetakoak, ipar mugetakoak, hitzak trukatuz iraun eben hiztunak. Hemen bere izpiritu xarnegua adierazo eban, gustako duelako hizkuntzak ikastea, ezagutzea, hizkuntzegaz lan egitea,jostatzea, komunikatzea.
Ondoren, literatureari heldu eutson eta euskal emazte idazleei bidea edegi ziran belaunaldiaren parte sentiduten dala adierazo eban, besteak beste, Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Marixan Minaberri eta Marikita Tanburin aitatuz: Kezka sozial barriak ekarri genituen plazara, gorputzaren inguruko ikuspegi pensaezinak eta, bistan dana, oroz bat, planeta honetako jendetzaren erdiaren presentzia literarioa (...). Erakutsi nahi genduan, egunean eguneko euskerea beharbada inperfektu batean, gure mundua ez zala bakarrik artzainez, laborariz, apezez eta hondar denboretan kazetariz eta irakasle kiristinoz betea (...). Emazte sortzaileak hor ginan, aniztasunaren ikur, eta emakume horietatik zenbait lesbianak ginan. Amaia Ezpeldoi detektibeak, 30 urteko bere ekinean, Euskal Herriko LGBTQIA+ jendearen destinoa paperean etzan dau. Aurretik, Maiatz-erako idatzitako ipuin eder bat, Klara eta biok, berton, euskal literaturako lehen neska bikote esplizitua erakusten da.
Baina bide luze eta emonkor hau ez dau bakarrik egin, eta Bordak autortzea egin deutse bere laguntzaile eta lagunei, tartean, Jean Errecart, Junes Casenave, Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi eta Luzien Etxezaharreta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!