Martxan da 2024ko Elhuyar Zientzia Azokea

Bizkaie! 2023-10-27 13:30   Kulturea

Izena emoteko epea zabalik hemen.

Elhuyar Zientzia Azokan izena emoteko epea zabalik dago. 2024an, Bilboko azokaz gan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdiko azokak be egingo dira: Nafarroakoa, Iruñean izango da; Gipuzkoakoa, Usurbilen; eta Lapurdikoak, Kanbon eta Ziburun. Elhuyar Zientzia Azokea 12-18 urte bitarteko gazteek egindako zientzia-proiektuen ekimena da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik biziteko aukerea emoten dauena, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte hartu leikie. Euskerearen erabilera sustatzeko proiektua be bada Elhuyar Zientzia Azokea.

Gazteei laguntzeko eta mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izateko, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat batu dau Elhuyarrek, izan be, 200 ikertzailek baino gehiagok emoten dabe izena urtero (% 56 inguru dira emakumeak) gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik dago oraindik.

Ikasleek eurek erabagitako gaien inguruan ibili dira talde-lanean: Galdetzen, ikertzen, diseinetan, eregiten, partekatzen eta esperientzia barriak biziten. Benetako profesionalak ezagutuko ditue eta eurekaz abenturak eta bizipenak konpartidu eta laguntzea jasoko dabe proiektuak jorratzeko. Emoitzak, maiatzean ezagutuko ditugu 22tik 25era egingo dan Elhuyar Zientzia Azokearen ekitaldi nagusian (Bilboko Arenalean).

Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi

Bilbon ezeze, gazteek tokian-tokian be aurkeztu ahal izango ditue proiektuak, izan be, Elhuyarren Zientzia Azoken helburua da sarea sortzea. Hau da 2024ko egutegia:

- Kanbo, martiak 23: Xalbador kolegioko gazteak.

- Ziburu, martiak 26: Piarres Larzabal kolegioko gazteak.

- Iruñea, apirilak 27: Nafarroako ikastetxeetako gazteak. Iruñeko Planetarioaren lankidetzeagaz.

- Usurbil, maiatzak 4: Gipuzkoako ikastetxeetako gazteak. Usurbilgo Udalaren lankidetzeagaz.

- Bilbo, maiatzaren 22tik 25era: Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteak. Bilboko Udalaren babesari esker.

Lehen edizinoa egin (2013) ebenetik gaur arte, 7.400 gaztek hartu dabe parte Elhuyar Zientzia Azokan (% 52 neskak, % 45 mutilak eta % 3 ez-bitarrak). Danetara, 2.200 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dira.

Elhuyar Zientzia Azokearen inguruan jakin beharreko zehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emoteko formularioa Elhuyar Zientzia Azokearen webgunean dagoz.


 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu