'Barbadun ibaiko burdinolen ibilbidea' egiteko 300 plazak bete dira

Bizkaie! 2023-10-27 12:48   Kulturea

Ibilaldia Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeek atontzen dabe.

Urriaren 29an, domekea, Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zehar ibilaldia izeneko jarduerearen XV. edizinoa egingo da. Ibilaldia Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeek atontzen dabe. Ibilaldi kultural horrek nahiko ezezaguna dan Enkarterriko ondare horri balioa emon gura deutso, hau da, XV. gizalditik aurrera Barbadun ibaiaren ertzetan eta haren ibaiadarretan eregi ziran eta Bizkaiko garapen industriala bultzatu eben burdinolei. Hori bai, izen-emotea itxi egin da, izan be, aurreikusitako 300 plazak bete dira.

Ibilaldia Muskizetik hasiko da, talde bitan: Lehenengoa 09:00etan hasiko da, eta bigarrena ordu erdi geroago. Museoko beharginak puntu ugarietan egongo dira, ibilbidean ikusi ahal izango diran burdinolen inguruko datu nagusiak modu didaktikoan azaltzeko.

Geldialdirik garrantzitsuena El Pobal burdinolan egingo da, eta partaideek Bizkaian ondoen konserbautako burdinola ikusi ahal izango dabe. Ibilbideak beste interesgune batzuk be izango ditu, hain ezagunak ez diran Barbadun ibaiaren arroko burdinolen eta erroten hondakinetan, Bado Ondero eta Billotxi, Muskizen, edo La Olla eta Valdivián/Ballibián, Galdamesen. Gauza erakargarrien artean, Burdinazko Mendien Bide Berdea, Loitzaga Torrearen ondoan dagoan Loitzagako Santiago baseleizea (Galdames), eta Artegiko magaletatik iritsita Enkarterrietako Museoak eta Abellanedako Batzar Etxeak osatzen daben monumentu-moltsoa bera nabarmentzen dira.

Ibilbideak hornidura-gune bi izango ditu: Bata Galdamesko Santiago baseleizan, eta bestea ibilbidearen amaierean, museoan bertan. Autobus batek bertatik abiapuntura itzuliko ditu parte-hartzaileak. Hondakinik ez sortzeko, aurton ez da likidorik banatuko ontzietan, eta, horregaitik, ibilbidean zehar dagozan iturrietan horniduteko eskatu deutsee atontzaileek parte hartzaileei.

Enkarterriko burdinolak. Mantendutako ondarea proiektua

Proiektua 2008an jarri zan martxan, Enkarterriko burdinolak. Mantendutako ondarea erakusketearen inaugurazinoagaz eta Enkarterrietako Museoak eta El Pobal Burdinoleak egindako ikerketa proiektuaren emaitzea da. Kultur planak Enkarterriko burdinolen ondare hondarrak aztertu gura ebazan.

Ikerketearen arabera, Barbadun ibaiaren arroan Triano mendietatik ateratako burdinak elikatzen ebazan hamabost bat burdinolaren hondakinak egozan gitxienez. Ahazte horren kontra burrukatzeko, autatutako erakusketea diseinau zan, liburu bat argitaratu zan eta hainbat jarduera egin ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu