UPV/EHUk zientziaren munduan eragin handiena daben 167 ikertzaile ditu
2023-10-27 09:09 KultureaIgazko rankingagaz konparauta, gora egin dau nabarmen UPV/EHUko ikertzaileen kopuruak.
Stanford Unibersidadeak urtero plazaratzen dau argitalpen zientifikoetan gehien aitatutako ikertzaileen % 2aren izenen rankinga. Azken entregan, 167 dira zerrenda horretan dagozan UPV/EHUko ikertzaileak, 103 ikertzaile, senior zerrendan (zientzialariak bere ibilbide profesionalean dituan aitamenei buruzkoa); 141, azken urteari jagokon zerrendan (kasu honetan, 2021ean izandako aitamenak) eta 77, zerrenda bietan. Beraz, 2022ko zerrendan, 150 persona egozan eta, beraz, euskal unibersidade publikoa bigarrena da Estaduan ranking honetan eragin handieneko unibersidadeen zerrendan, Bartzelonako Unibersidadearen atzetik.
Ranking of the World Scientists: World’s Top % 2 Scientists ospetsua, espezialidade honetan munduko entzutetsuenetakoa, Scopus datu basean batutako informazinoan oinarritzen da eta kontuan hartzen ditu argitalpen zientifikoen inpaktuari lotutako parametroak: Argitalpen kopurua, zenbat aldiz aitatu diran argitalpen horreek beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan, hareen lanen inpaktuaren beste adierazle batzuk eta aurreko guztiak buztartzen dituan amaierako adierazle bat.
Eva Ferreira errektorearen eretxiz: Harrotasunez bete gaitu albisteak. Igazko rankingagaz konparauta, gora egin dau nabarmen UPV/EHUko ikertzaileen kopuruak World’s Top % 2 Scientists-en. Emoitzeak adierazoten dau gure komunidade ikertzailearen bikaintasuna eta euskal unibersidade publikoaren irudia indartzen dau, arlo zientifiko ugaritan abangoardiako ezagutzea sortzen dauen unibersidade generalista legez. Zoriontzen ditut zientzia garaikidean eragina daben pertsona eta ikertzaile guztiak eta, horrezaz gan, albiste on hau ezagutarazo gura deutset gure erakundeei eta euskal gizarte osoari.
Rankingean goiko postuetan dagozan UPV/EHUko kideak 40 jakintza arlotan baino gehiagotan dabiz lanean eta agirian ixten dau horrek euskal unibersidade publikoan egiten dan ikerketearen aberastasuna eta aniztasuna.
Ondokoak dira UPV/EHUko lehen hamar sailkatuak 2023ko senior zerrendan:
- Verkhratsky, Alexei (Neurologia eta Neurokirurgia).
- Grabowski, Sławomir J. (Fisika Kimikoa).
- Mecerreyes, David (Polimeroak).
- Asua, José M. (Polimeroak).
- Matute, Carlos (Neurozientziak).
- Goñi, Félix M. (Biokimika eta Biologia Molekularra).
- Tóth, Géza (Fisika Orokorra).
- Mujika, Iñigo (Kirol Zientziak).
- Soloshonok, Vadim A (Kimika Organikoa).
- Carreiras, Manuel (Psikohizkuntzalaritza).
2023ko hamar lehenengoen zerrendan, aitatutako batzuez gan, honako honeek be agertzen dira:
- Cenoz, Jasone (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza).
- Prato, Maurizio (Nanozientzia eta Nanoteknologia).
- Gorter, Durk (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza).
- Calle-Vallejo, Federico (Kimika Organikoa).
- Pérez-Ruiz, Fernando (Medikuntza).
UPV/EHUko emakume aitatuenak bi dira María Dolores Guillén (Elikagaien Zientzia), 12.a senior zerrendan eta Jasone Cenoz (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritzea), bigarren azken urteko zerrendan.
Rankinga argitaratu da Elsevier BV-eko artikulu honetan: October 2023 data-update for Updated science-wide author databases of standardized citation indicators, John P.A. Ioannidis-ek landutakoa (Stanford Unibersidadea). Sailkapenak 200.000 persona inguru kokatzen ditu zientziaren abangoardian, mundu osoko akademia eta ikerketa erakundeetan dabizen ia 10 miloe personen artetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!