Bilboko Udalak Angela Figueraren eguna ospatuko dau
2023-10-27 08:36 KultureaUrriaren 30ean, Xelo Candel irakaslearen berbaldia izango da Bidebarrieta Kulturgunean.
Urtero lez, Udalak poetearen bizitzea eta obrea ospatuko ditu, literatur arloan egindako ekarpena autortuz. Halanda ze, astelehen goizean bilbotar horren indar literarioa gogoratzeko ekitaldi instituzionala egingo dabe Jado Plazan. Berton, haren poema esanguratsuenetako batzuk irakurriko dira bilboko sortzaile biren eskutik, bardintasunaren eta justizia sozialaren alde burrukatzen daben emakumeen sentimendua batzeko.
Arratsaldean, 19:00retan, Xelo Candel irakasleak Angela Figueraren eta Max Aub idazlearen arteko korrespondentzia argitarabakoa buruzko berbaldia emongo dau Bidebarrieta Kulturgunean. Joxerra Zabala EHUko irakasleak aurkeztuko dau hitzordua.
Xelo Candel Vila (Valentzia, 1968) Filologia Hispanikoan doktorea da Valentziako Unibersidadean, eta espainiar literaturako irakaslea da. Bucknell University, Ohio University eta Saint Louis Universityen lan egin dau, besteak beste, El libro de las baladas, Romances de colorido de Luis Rosales, eta Versiones y subversiones, de Max Aub, con Dolors Cuenca y Rosa M. Belda obrak argitaratu ditu. Poetea be bada, izan be, Los comediantes, A destiempo eta La arena lako lanak argitaratu ditu.
Sartzea doban izango da eta bertaratzerik ez balego streaming bidez jarraitzeko aukerea izango da hemen.
Angela Figuera
Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zan, eta familiak ez eban begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrerea amaitu ondoren Huelvako institutu batean plazea lortu ebanean, Gerra Zibila hasi zan. Beraz, Figuera Soriara joan eta bertan hasi zan bere literatur lanak argitaratzen 1948an.
Haren lehenengo lana Mujer de barro izan zan eta horren ostean, lan ugari kaleratu zituan, besteak beste, Soria pura, El grito inútil , Los días duros eta Vísperas de la vida.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!