EHUko ikertzaile bik, 'Mars2020' misinoko tresna bat kontrolau dabe
2023-10-26 13:10 KultureaPerseverance ibilgailu robotizauaren SuperCam tresnea, hain zuzen be.
Perseverance ibilgailu robotizaua lanean ibili da Jezero kraterrean (Marteko antxinako laku siku bat). Toki horretan, Perseverancek lan ugari egiten ditu egunero, emoitzak handik egun bitara bialduz. Informazino fluxu hori gauzatzen da Lan Aginduak Bialtzeko Operazinoen (Uplink Operations) eta Datuak Jasoteko Operazinoen (Downlink Operations) bitartez.
Perseverancek zazpi tresna ditu, horretako bat da SuperCam izenekoa. SuperCam tresnagaz loturiko zereginak astero banatzen dira Amerikako eta Europako ikertzaileen artean. Urriaren 23ko astean, Europako ikertzaileak arduratu dira, eta IBeA ikertaldeak eginkizun garrantzitsua izan dau: Hilaren 23an, astelehenean, taldeko ikertzaile bat arduratu zan Lan Aginduak Bialtzeko Operazinoez; aldiz, hilaren 25ean, eguaztenean, egun garrantzitsua izan zan euskal ikertzaileentzat, izan be, EHUko zientzialari bik kontrolau eben SuperCam tresnea eta Perseverance robotaren beste zenbait elementu zientifiko, Leioako Campus Zientifikoan kokatutako EHUren Mars2020 Operazino Zentrotik.
Zehazki, Julene Aramendia ikertzailea arduratu zan datuak jasoteaz, ahalik eta denpora laburrenean aztertzeaz, ordu erdi eta ordu bi artean, eta Martetik bialdutako neurrien hasierako emoitzak jasoten zituan txostena bialtzeaz.
Iratxe Población ikertzailea, barriz, arduratu zan lan aginduak bialtzeaz. Lan biak, denpora errealean egin ziran, beste tresna batzuen eta misinoko ganerako ikertzaileakaz partekatuz online konexino seguruen bidez.
Juan Manuel Madariaga IBeA ikertaldeko zuzendariak adierazo dauenez: Emakumeen presentzia mugatua da oraindik ikerketa alor horretan. Beraz, egun honek balio izan dau emakumeek espazio esplorazinoan egiten daben lana ikusarazoteko eta ikerketea zientifikoaren erreferente femeninoak erakusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!