Itxaro Bordak 'Mugari tirorik ez’ izeneko idazlan personala irakurriko dau
2023-10-25 13:13 KultureaUrriaren 28an da hitzordua eta Sagrario Alemanek emongo deutso erantzuna.
Euskaltzaindiak 2022ko zemendiaren 26an izentau eban euskaltzain oso Itxaro Borda idazle baxenabartarra. Orain, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Urriaren 28an izango da ekitaldia, Baionako Herriko Etxean. Musikaz girotutako atariko saio baten ondoren, ekitaldi instituzionala hasiko da. Euskaltzainburuak eta Baionako alkateak ondoetorria egingo deutse bertaratutakoei eta, jarraian, Itxaro Bordak sarrera-berbaldia irakurriko dau. Mugearen konzeptua, euskereagaz dituen hartu-emonak edota euskal idazle legez izan dituan bizipena eta gorabeherak jorratuko ditu bertaratutakoen aurrean. Sagrario Aleman euskaltzain osoak erantzungo deutso eta Bordaren bizipenak, idatziak eta kezkak zeintzuk diran azaltzean gan, euskerearen muga administratiboak izango ditu berbagai Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak.
Azkenik, euskaltzain barriak zin egin eta euskaltzain osoaren dominea, diplomea eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldia Baionako Herriko Etxean izango da, Areto Nagusian, goizeko 10:30ean.
Itxaro Borda (Baiona, Lapurdi, 1959)
Historian lizentziaduna da (Paue eta Aturrialdeko Unibersidadea) eta ogibidez postaria izan da Parisen lehenik eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretiroa hartu arte. Literatura ibilbideari erreparauta, 1981ean Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu eban Lucien Etxezaharreta lagunagaz batera eta bertan argitaratu eban idazlan bilduma ederra, batez be, euskeraz idatzitako olerkiek osotua. 2002an, Euskadi Saria irabazi eban 100 % basque lanari esker. Eleberri piloa be argitaratu dau azken hamarkadetan, besteak beste, Udaran betaurreko beltzekin (1987, Txertoa), Bakean ützi arte (1994, Susa), Amorezko pena baño (1996, Susa), Bizi nizano munduan (1996, Susa), % 100 basque (2001, Susa - Euskadi Saria), Zeruetako erresuma (2005, Susa), Jalgi hadi plazara (2006, Susa), Ezer gabe hobe (2010, Susa). Prentsako artikuluak idatzi ditu ondoko egunkari edo aldizkarietan: Herria, Herriz Herri, Gernika, Zeruko Argia (1977) eta Argia (1980), Euskaldunon Egunkaria, Berria eta bestelakoetan.
Hainbat sari eskuratu ditu bere idazle-ibilbidean: Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko
Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021).
Euskaltzain urgazle izentau eben 2021eko zemendiaren 26an eta euskaltzain oso 2022ko zemendiaren 26an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!