'Loa eta Laia' euskerazko marrazki bizidunen bigarren denporaldia, martxan

Bizkaie! 2023-10-24 12:50   Euskerea berbagai

Ikusi hemen lehen kapituluaren bideoa, Gargantua.

Umeentzako ikus-entzunezkoen eskaintzea indartzeko egitasmoaren bigarren edizinoa aurkeztu dabe Bilboko Euskerearen Etxean, oso-osorik ingurune digitalerako dan marrazki bizidunetako telesaila: Loa eta Laia dau izenburu, izen bereko personaia bien abenturak diralako oinarria. Euskerea, euskal kulturea eta ohiturak zabaltzea da helburua, baita gizarte hobea eregiteko balioak be, 2 eta 7 urte bitarteko familiei eta edade txikikoei zuzendua.

Josu Bergara Aretxabaleta da proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta telesaileko musikea be berak egina da. Sortzaile ugariren laguntzinoa izan dau Bergarak Loa eta Laiaren uniberso digital osoa egiteko. Paul Caballero Barturen, egitasmo honen beste bultzatzailea, zuzendaritza grafikoaz, gidoiaz, ilustrazinoez eta animazinoez arduratu da; Ane Martínez Martínez eta Leire Aparicio Guerrero abestiak eta ahotsak jorratu ditue; eta David Sánchez Damián, musikearen moldaketez eta produkzino artistikoaz.

Hilean kapitulu bat emonez, urria eta bagila bitartean, proiektuaren inguruan erabiltzaile-komunidade bat osotuz joan da. Holan, adibidez, Loa eta Laia ikastetxe batzuetako ikasleei laguntzen deutsee beren eskola-orduetan, eta egunerokoan parte hartzen dabe. Irakasle askorentzat erreferentziazko proiektu bihurtu da.

Edukiak sare sozialen eta berehalako mezularitzako aplikazinoen bidez partekatzen eta banatzen dira familien artean. Ganera, euskerazko eduki interesgarri horreek egunerokoan bizi dogun errealidadetik hurl dagoz, freskoak, praktikoak, laburrak eta didaktikoak, familian ikusteko aproposak. Familia eta eskola-komunidade askok hartu ditue daborduko abestietako batzuk, esaterako, Egun on edo Gabon, eguneroko ereserki bezela.

Bigarren denporaldiaren estreinaldia

Taldeak hilebeteak daroaz bigarren denporaldian edukiak, musika konposizinoak, grabaketea eta edizinoa, ilustrazinoak eta animazinoak sortzen, eta hurrengo hamar kapituluetako abestiak prest dagoz.

Bigarren denporaldi horretan, geure kulturako personaiek eta ospakizunek hartuko dabe protagonismoa, berbarako, Gargantuak. Ganera, gai batzuk ikastetxeen eskaera zehatzei erantzuteko sortu dira, Agur abestia, adibidez. Edo ohitura osasungarriei, bullyingaren kontrako pedagogiari, genero-aniztasunari eta bestelakoei buruzko atalak.

Lehen denporaldian bezela, musikea izango da ardatza, alderdi artistiko eta teknikoak landuz, hala nola musika-notak edo erritmoak.

Osogarri legez, zerikusia daben proiektu bi lantzen dabiz, merchandising produktu batzuk sortzea eta zuzeneko ikuskizun bat produzidutea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu