Mundu osoko adituak Bilbon batuko dira
2023-10-24 10:04 KultureaKultura eta Sormen Industrietan barrikuntza sustatzen jarraitea da helburua.
2021eko zemendian lehenengo Contrast konferentziak izandako erantzun bikainaren ondoren, 2023ko urriaren 25ean eta 26an, Bilbon, CCIs and Innovation Contrast bigarren konferentzia edegia egingo da. Nazinoarteko ekitaldi horretan kultura eta sormen industrietako (KSI) eta barrikuntzako mundu osoko 30 aditu izango dira. Nazinoarteko alkarraldi horretan gai ugari jorratuko dira: Kultura eta sormen industriak barrikuntzearen ikuspegitik, teknologia barriak, beharrezko trebetasun barriak, jasangarritasuna eta gizarteratzea, besteak beste.
Ganera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gidatutako hausnarketa eta eztabaida prozesu baten emoitzak aurkeztuko dira, jardunbide egokiak trukatzeko eta ezagutzak garatzeko guneak sortzeko. CCIs and Innovation Contrast izeneko proiektua 2021ean hasi zan, eta hiru aditu-taldek alkarregaz lan egin eben KSIetako barrikuntzagaz lotutako gai askotan. Lehen fase horretan ikerketa pilotu bat egin zan, barrikuntzearen neurketan eta adierazleetan oinarritua, Euskadin eta Flandes (Herbehereak), Piamonte (Italia) eta Ipar Renania-Westfalia (Alemania) Europako eskualdeetan konparauta.
Bingen Zupiria sailburuak iragarri dau Euskadi izango dela 2024an Sormenaren Munduko Foro garrantzitsuaren egoitza. Zupiriaren eretxiz, kultura eta sormen-industrietan barrikuntzea sustatzeak arrastoa ixten dau herrialde bateko gizarte-eremuan.
Bigarren fasean, barriz, mundu osoko 21 eskualde hautatu eta eskualde horreen barrikuntza-ekosistemak aztertu eta Bilbon egingo dan konferentzia edegian aurkeztuko dira.
Nazinoarteko parte-hartzea
Konferentzian kultura eta sormen industrien eta barrikuntzearen arloko nazinoarteko adituek parte hartuko dabe, besteak beste, Nico Degenkolb (EIT Culture & Creativity), Cinzia Lagioia (Puglia Creativa), Valentina Montalto (UNESCOko aditua), Luca dal Pozzolo (Fondazione Fitzcarraldo), Pier Luigi Sacco (EIT Culture & Creativity), Jenny Tingvall Kornmacher (Region Ska) eta EIT Culture & Creativity.
Bestetik, Contrast II.eko hizlarien artean eskualdeen eta jardunbide egokien ordezkariak dagoz, KSIetako barrikuntza-ekosistemei buruzko ikerketan maila globalean parte hartu dabenak, besteak beste, ondokoak dira konferentzian ordezkatutako eskualdeak: Washington, Cardiff, Finlandia, Valentzia, Estonia, Danimarka, Kalifornia, Hegoafrika, Antioquia, Karnataka, Baden-Württemberg, Kenya, Uganda, Porto eta Adelaida.
Beraz, munduko leku askotako barrikuntza-ekosistemak ulertzeko eta trukatzeko topagune parebakoa izango da.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!