Martxan da barriro 'Emakume zientzialarien argitan' barriketaldien zikloa
2023-10-23 07:50 KultureaHainbat arlotan lan egiten daben emakume zientzialariak ezagutzeko aukerea izango da.
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak alkarlanean atondutako Emakume zientzialarien argitan zikloak jarraipena izango dau udagoienean; hiru saio egingo dira: urriaren 23an, zemendiaren 20an eta abenduaren 11n.
Emakume zientzialariak ezagutzea dau helburu egitasmo honek, izan be, emakumeen ekarpenak isilean geratu dira zientziaren eta teknologiaren historian eta gaur egun be nabarmena da emakumeen diskriminazinoa arlo horretan.
Aurrez aurreko alkarrizketen bidez, arlo askotan dabizen hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukerea izango da: Miren Vives Urbieta, Uzuri Albizu Mallea eta Onintze Salazar Perez. Azalduko dituen gaien artean, ondokoak nabarmendu daitekez: Zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi deutsen, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar deutsen aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak gidatuko ditu berbaldiak. Horrezaz gan, kultura bien estereotipoa (zientziak eta humanidadeak) gainditzeko gogokoen dituten liburuak gomendatuko ditue.
- 2023ko udagoieneko barriketaldien zikloan lehenengoa urriaren 23an izango da: Miren Vives Urbieta arkitektoa izango da protagonista eta honako hau berbaldiaren izenburua: Zelan diseinau uri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat. Uri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak sustatzeko, baliogarriak dira ingurune urbanizatu eta eregiek gure eguneroko bizitzan eta ongizate fisiko, mental eta sozialean daben eraginean oinarritutako diagnostiko eta proiektuak. Horretarako, hainbat ikuspegi hartzen dira aintzat, besteak beste, generoa, zahartze aktiboa, uemzaro autonomoa, aniztasun funtzionala eta ahalmen ekonomikoa.
Miren Vives Urbietak 2002an amaitu zituan ikasketak Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Markina-Xemeingo Arrizabalaga arkitektura-bulegoan lan egin eban gero sei urtez. Haregaz batera, arkitektura-bulego txiki bat jarri eban martxan, Patxi Galarraga bikotekide eta lankideagaz batera. Ohiko birgaitze-lan eta proiektu txikiakaz batera, irisgarritasun-gaiak lantzeko aukera parebakoa izan eben Lanzaroteko apartamentu batean. Inklusioaren aurreko interesak eta alaba bi haztearen esperientziak beste gai bat lantzeko aukerea emon eutsenn, umezaroa, zahartzaroa eta, zelan ez, feminismoa. Apurka-apurka, bat gin eben guztiz lan-esperientziak eta esperientzia eta ikasketa personalek eta gaur egun ez dabe ohiko arkitektura-bulego baten bape antzik. Projekta Urbes-en uri eta auzo osasungarriagoak eta bidezkoagoak sustatzen ditue.
- Uzuri Azbizu Mallea izango da bigarren alkarrizketatua. Matematikak izango ditu berbagai eta zemendiaren 20an hartuko dau parte Matematika, gertutik eta barrutik izenburuko barriketaldian. Gizartean oso zabalduta dago persona adimentsuek ikasi eta ulertu leikiel matematika. Normalean, gainera, gizon batek gorpuzten dau jenioaren irudi estereotipatu hori. Eta horrek eragina dau ikasleakan, izan be, sei urtegaz, neskek gitxietsi egiten dabe matematikak ikasteko euren gaitasuna eta zarratutzat emoten ditue etorkizunerako bide batzuk.
Uzuri Albizu Mallea matematikan lizentziatua da eta hiru master ditu: Matematikaren Didaktikakoa, Bigarren Hezkuntzako Irakasleena eta Ikasketa Feministak eta Generokoak. Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultadean egiten dau lan Matematika Didaktika, Zientzia Esperimentalak eta Gizarte Zientziak Sailean. 2023an, doktore-tesia aurkeztu dau UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak programearen barruan: Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diran lekuak. Ahots feministek lagundutako kartografia bat.
- Azken barriketako protagonista Onintze Salazar Perez izango da, abenduaren 11n, eta Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagaitik da? izango dau izenburu saioak. Azkenaldian, muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ditugu inguruan: Uriolak, sikateak, haizeteak... Horregaz batera, begien bistakoak dira zenbait aldaketa: Pirinioetako glaziarrak desagertzen dagoz, animalia migratzaileak ohiturak aldatzen dabiz eta landaretzearen egiturak be aldatzen dagoz. Eta eguraldia be, daborduko ez ei da garai batekoa.
Onintze Salazar Perez fisikan lizentziatua da, Meteorologiako espezialidadean eta Ingurumen Injinerutzako eta Kultura Zientifikoko masterrak ditu. Tecnaliako energia eta ingurumen-saileko ikertzailea da, meteorologo lanak be egiten ditu Euskalmeten, eta EiTB taldeko komunikabideetako kolaboratzailea da.
Hiru saioak euskeraz izango dira, astelehenetan, 19:00retan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!