Jone Makazagaren lana saritu dabe
2023-10-23 10:53 BertsolaritzeaGradu Amaierako Lanak aztertuta, GrAL Saria esleitu barri dabe.
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedreak eta Bertsozale Elkarteak alkarlanean deitutako GrAL Saria esleitu barri dabe; aurkeztutako Gradu Amaierako Lanak aztertuta, Jone Makazaga Irurtiaren Latinezko poesia bertsotan euskaratzeaz: itzulpen musikatua eta gogoeta ikerlanari emon jako saria. Gaur egungo bertsolaritzako eta pastoraletako moldeetara egokitu ditu autore latindarren poemak Makazagak. Virgilio, Ovidio, Martzial eta Senekaren idazlan hautatuak dira ikerlanaren corpusa eta askotariko doinu eta neurriak erabili ditu itzulpenetan. Topautako zailtasunak eta emondako urtenbideak zehatu ditu: Erabilitako itzulpen estrategiak eta poemak bertsotan itzultzearen mugei buruz be hausnartu dau, horretan doinuak dauen eragina be aintzat hartuz.
Kontuak kontu, 600 euroko diru saria jasoko dau Makazagak lanagaitik. GrAL sariaren deialdiagaz batera, ikerketa proiektuen sarirako deialdia be egin zan, baina banatu barik geratu da.
Bertsozale Elkartea - lehen urteetan Mintzolaren bidez- eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrea alkarlanean dabiz 2013tik, besteak beste, bertsolaritzearen azterketea sustatzeko ikerketa deialdiak plazaratuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!