Jaione Camborda: 'Emozinoz beteriko asteak izan dira'

Andoni Mugica Lopez 2023-10-23 08:02   Barriketan

Jaione Camborda zinemagilea.

Jaione Camborda (Donostia, 1983) zuzendari donostiarraren O corno (Espainia-Portugal-Belgika) irabazi eban Urrezko Maskorra Donostia Zinemaldiaren 71. edizinoan. Ganera,  Ikusmira Barriak programatik datorren eta Sail Ofizialeko saririk garrantzitsuena irabazitako lehen filma da.

Donostian jaio arren, 18 urte zituala ikastera atzerrira joan zan eta gaur egun Galizian bizi eta lan egiten dau Cambordak. Film labur eta gidoi ugari egin eta gero, film luzeetara egin eban salto Arima (2019) filmeagaz. Horren ostean, 2023an hain zuzen be, O Corno filmagaz erantzun bikaina lortu dau.

Halanda ze, Jaione Camborda zinemagileagaz egin dogu berba, filmak izan dauen arrakasteari buruz eta sortutako eraginez jakiteko.

1.- Lehenik eta behin, zorionak. Zelakoa izan da Donostiako Urrezko Maskorra irabaztea?

Eskerrik asko. Donostiako Zinemaldian egotea eta ganera, sail ofizialean parte hartzea geuretzat izugarria zan. Pelikulan konfidantzea izateaz gan, ikusgarritasuna emon nahi geuntsan eta jaialdiak horixe eskaini euskun. Halanda ze, saria jasotea guztiontzako oparia izan da eta horri esker, gauza asko heldu jakuz, esaterako, filmak oihartzun handiagoa izan dau eta persona gehiagorengana heldu gara.

Horrezaz gan, jaialdietan, ez bakarrik hain handietan, baita beste dimensino batzuetako hitzorduetan be, sortzaileen familiak sortzen dira. Oso aberasgarria izaten da geure antzeko lana egiten daben persona batzuekaz berba egitea ideak trukatu eta konparetako edo zinemaz eta proiektuetaz berba egiteko. Horrek, batu egiten gaitu, komunidade bat sortuz.

2.- Horri buruz barriketan, O Corno urriak 11an estreinau zan zinema-aretoetan ezin hobeto ezta?

Horixe, erabateko helmugea. Ez genduan uste data hori hain ondo etorriko jakunik, aspaldi egoan finkatuta, eta, egia esan, Urrezko Maskorrak askoz areto gehiagotara heltzen lagundu deusku, izan be, jatorrizko bersinoan egotean eta egile-zinemea izatean, gatxagoa izaten da.

Beraz, suertea izan dogu. Egia esan, ospakizunetan gagoz oraindino, pelikulea ondo dabil, zinema-aretoak bete egiten dira eta hori dana oso hunkigarria da, saria nire jaioterrian jaso neban eta zelan esan, su artifizialak izan ziran niretzako.

3.- Behin Urrezko Maskorra irabazita, errezagoa izango da dirua lortzea hurrengo proiekturako?

Bai, hori pentsau nahi dot. Egia da oraindino ez dodala hurrengo proiektuan gehiegi hausnartu, baina finantziazinoari jagokonez, uste dot geure lana autortua izan danez, errazago izango dogula arlo horretan.

Kontuak kontu, orain, zer nahi dodan egitea ulertu behar dot eta hori izan behar da hurrengo urratsa. Baina, bai, uste dogu erreztasun gehiago emongo deuskula eta hori be, aprobetxau behar da.

4.- Beraz, pentsau dozu hurrengo proiektuan?

Goiz da oraindik. Egia da badodala interesetan jatazan ideak, pulsino bat bezela emoten deustiena, baina, horreei hasierea emon aurretik, ziur egon nahi dot eta ganera, gertatzen ari dana ulertu, izan be, emozinoz beteriko asteak izan dira.

5.- Zinemaldiko sari nagusia jaso daben estaduko emakume zuzendari bakarra zara; ze gogoeta eragin deutsu horrek?

Bai. Historian zehar emakume ugari egon dira, akaso modu puntualagoan, baina bidea eregi deuskue eta hareei esker emakumeen belaunaldi barria sortzen hasi da. Horreei eta politika integratzaileagoei esker hain zuzen be.

Azkenean, filmak egiteko eskubidea autortu jaku eta esangura horretan, normala da emakumeen presentzia handiagoa izatea. Horren harira, uste dot emakumeon ikuspegitik zinemea ikusteko nahia dagoala.

6.- Jarraitzen dozu euskal zinemea?

Bai. Maddi Barber edo Irati Gorostidi lako lankideak (eta gehiago be bai) jarraitzen dodaz, hasieran euren film laburrak ikusten eta orain, poliki-poliki, hasi dira film luzeak egiten be.  

7.- O Corno filma, Galizian eta galegoz egina dau. Euskadin eta euskeraz film bat bai?

Dana da posible. Ez dakit nora eroango deustan biziteak, ezta zer interes piztuko jatazan etorkizunean. Hori bai, lan egiteko, munduko edozein latitudeetatik mobiduteko aukerea eta askatasuna izan behar dot, sorkuntzan hori da garrantzitsuena.

Beraz, batek daki, oraingoz Galizian bizi naz, biziteak esango deust zein izango dan hurrengo pausoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu