Kultur-politika feministen beharra agirian

Bizkaie! 2023-10-20 08:41   Kulturea

Bilboko Burtsa Udaltegian betaurreko moreak jantzi ditue.

Bilboko Burtsa Udaltegiak betaurreko moreak jantzi ditu eta produkzino guneetako ikaspen feministak praktikotasunetik ezagutzeko aukerea izan da, bertan egin baita Bilboko 27. Sinposioa, Kultur kudeaketa ekoizpen guneetan: Jarduteko modu feministen arrastoan. Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalak eta Emakundek atondu dabe egitasmoa.

Haizea Barcenilla izan da gai-jartzailea, emakumeen egoeran oinarrituz. Azalpen historikoak medio, bazterkeria zelan gauzatu dan azaldu dau eta emakume artistakaz, baina batez be margolariakaz dauen zor historikoa agirian jarri dau. Horrezaz gan, Euskal artearen kanona barrikustera animau dau, bazterkerietatik aldendu eta kritikotasunean dagoan aberastasuna aldarrikatuz.

Horren ostean, esperientzia praktikoen ezagutzetan sakondu da. Bost kidek hartu dabe parte: Garaion sorkuntza guneko Amaia Gabilondo; Sormene eta Sarean bitartekaritza guneetako Gotzon Barandiaran eta Sandra Amutxatesgi, hurranez hurran; Lorea Agirre Elkar argitaletxekoa eta Nerea Fillat Katakrakekoa. Euren eskarmentuan oinarrituz, prestakuntza feministen beharra agirikoa da, ikuspegi feministea ulertzen eta sustraitzen lagun deian.

Ganera, Euskal Herrian egiten dan kultura arloko proiektu amankomun estrategikoa lantzeko beharra azpimarratu da, horren arabera baliabideak bideratzeko. Beraz, gogoeteari heldu eta alkarlanean hausnarketea elikatzen jarraitzeko eskatu da. Eusko Ikaskuntzak horren lekukoa jasota, gogoeta horreek guztiak batu eta garatzen ari dan Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak ikerlerroaren barruan txertatuko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu