'eMCumeak' Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2023-10-20 07:58   Bertsolaritzea

Zapatuan, urriak 21, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Mirari Martiarena eta Itxaso Paya. | Ikusi handiago | Argazki originala

Arlo askotan aritua eta aditua da lanean Itxaso Paya algortarra, baina beti sormena izan dau oinarri. Ikusi dogu bertsotan, kantuan, aktore eta kultur eragile lanetan. Gaztetxotatik izan da ALBEko bertso-eskolako kidea eta hainbat urtetan oholtzan ikusi dogu kantuan. Orain urrutixeago badabil be, bertsoa egunerokoan oso presente dau Itxaso Payak. Plazandrea da bera definiduteko erabili daitekeen berberako bat, eta pasinoz bizi dau oholtzan sentiduten dauen magia, edozein sormen arlotan ibilita be.

Azken urtean Nor da Maurizia? antzezlanagaz ibili da herriz herri aktore lanetan eta beste obra bat be badau eskuartean, izan be, Maria Riverogaz batera, zemendiaren 26an estreinauko dau eMCumeak satira musikala. Euskal emakume sortzaileen errealidadea umorez oholtzara eroatea eta ikusgarri egitea da euren asmoa. Getxon estreinaldia egin ondoren, Euskal Herrian barrena ibiliko dira antzokiz antzoki.

Urriaren 21ean egingo diran BEST jaialdiari buruz be egingo dabe berba Itxaso Payak eta Mirari Martiarenak Hitzetik Hortzeran, Bizkaiko Emakume Sortzaileen II. Topaketak atontzen buru-belarri dabilelako Zelako Kultur Ideiak Kooperatibako lantaldeagaz. Igaz sortu zituen topaketa horreek, Bizkaiko emakume sortzaileen sarea osotzeko, ezagutzeko eta kezkak alkarbanatzeko topagune bat sortuz. Egun guztiko egitarauaren barruan bertso saio berezi bat be atondu dabe: Bertsopotorrea, bertsoa eta stand-upa buztartuko dituana.

Odieta, Iurreta eta Lazkaoko bertsoaldiak

Odietan, Esan Erran irratiaren 25. urteurrenean atondutako bertso musikatuen saioko bertsoaldiak izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran: Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal ibili ziran kantari, Iñigo Ibarraren esanetara eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariek lagunduta.

Iurretan, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek kantau eben, Maite Berriozabalek gidatutako saioan.


Lazkaon, barriz, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran ibili ziran kantuan, Iker Iriartek gaiak jarrita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu