Urteurrena dala eta, Guggenheim Bilbao Museoarako sarrerak doban

Bizkaie! 2023-10-19 10:49   Kulturea

Urriaren 21 eta 22ko asteburua.

Urriaren 21 eta 22ko asteburuan Guggenheim Bilbao Museoak doban zabalduko ditu ateak, hogeitaseigarren urteurrena ospatzeko helburuz.

Museoak, 1997ko urriaren 19an ireki zanetik, 26 milie bisitari baino gehiago jaso ditu.

Asteburu horretarako sarrera ziurtatu ahal izateko, aldez aurretik erreserbau beharko dira Museoaren webgunean. Online sarrerak agortuz gero, posible da Museoko txarteldegian sarrerak eskuragarri egotea. Museoaren ordutegia 10:00etatik 19:00tara izango da.

Picasso eskultore. Materia eta gorputza

Picasso eskultore. Materia eta gorputza erakusketea ikusteko aukerea egongo da. Erakusketeak 1909tik 1962ra bitartean egindako 50 eskultura baino gehiago batzen ditu. Bertan, Pablo Picassok bere ibilbidean giza gorputzaren formak irudikatzeko erabili zituan estilo guztiak agertzen dira. Picassoren eskulturen ia hirurogei urteko ibilbide horrek zalantzan jartzen ditu eskulturaren eta pinturaren zein obra amaituaren eta proiektuaren arteko mugak.

Bere diziplina artistikorik ezezagunena izanik be, Picassorentzat eskultura pinturaren, marrazketaren, grabatuaren eta zeramikaren pareko adierazpidea zan. Formatu eta material ugari erabili zituan, esaterako, burdina, igeltsua, zementua, metala eta brontzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu