EAEko Auzitegi Nagusiaren azken sententzia oso larritzat jo dau Kontseiluak
2023-10-18 08:00 Euskerea berbagaiUdaletan euskerearen sustapen eta normalizazinoaren aldeko politikak baliobakotzen ditu.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioaren aurreko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizeteari buruzko 179/2019 Dekretuaren kontrako ebazpena emon dau, 2016ko Udal Legea garatzen dauen dekretuaren kontrakoa, hain zuzen. Epaileek 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak osorik eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal baliobakotu ditue.
Duda barik larritasun handikoa da epai hau. Larritasun handikoa. Garagarrilean adierazo genduan Espainiako Konstituzino Auzitegiak EAEko Udal Legearen artikulu baten zatia baliobakotuz emondako epai haren larritasuna eta hau zeozelan haren luzapen bat da. Konstituzino Auzitegiak 6.2 artikulua baliobakotu eban, orain arte eregitako koofizialtasun erregimenagaz bat ez etorrelako.
Udal Legearen garapen dekretua izanik erabat edo neurri handi batean baliobakotzen ditu udal eremuan momentu honetan aurrera eroan daitekezan euskerearen normalizazinoaren aldeko politika publikoak, euskerea sustatzeko politikak. Ez dau aintzat hartzen euskerearen eta euskal hiztunen egoera minorizatua.
Azken sententzia honek ukatu egiten ditu euskerearen normalizazinoaren aldeko politika publikoak behar diranik edo egingarri diranik. Udal Legean eta garapen dekretuan herritar guztien eskubideak hartzen dira aintzat eta hor proponiduten diren eta orain auzitegiak baliobakotu dituen neurriakaz inongo herritaren eskubideak ez dira kaltetzen, euskerearen normalizazinoaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizetearen aldeko neurriak dira hartzen dira. Politika publikoen egitekoetako bat hori da, gitxiagotasun egoeretan dagozan kolektibo eta egoerak zuzentzeko erabilten dira politika publiko horreek.
Botere judizialak hizkuntza-politika egiten jarraitzen dau, euskerearen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen kontra, izan be, epai honeek guztiek euskerearen normalizazinorako bidea egitea ukatzen dabe. Beraz, sano arduratuta gagoz eta zoritxarrez, arrazoi bat gehiago emoten deusku datorren zemendiaren 4an oldarraldi judizial hau salatzeko Euskalgintzearen Kontseiluak deituta Bilbon egingo dan manifestazinorako.
Eusko Legebiltzarrean adostasun oso handiz hartutako legea zan Udal Legea eta ondorioz, haren garapena dan baliobakotutako dekretu hau.
Euskalgintzaren Kontseiluak alkartasun osoa helarazo deutse epaiak zuzenean kaltetutako udalerriei, UEMAri eta bertako biztanleei. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailari eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailari babesa agertzen deutsegu sententzia errekurridu deien
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!