Julio Soto eta Joanes Illarregi finalaurrekoetan

Bizkaie! 2023-10-16 08:12   Bertsolaritzea

Zapatuan Vianan eta domekan, Uharten.

Julio Soto (Bertsozale). | Ikusi handiago | Argazki originala

Vianako Kultur Etxean jokatu da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioa. 170 bertsozale inguru alkartu dira berton, saioa zuzenean jarraitzeko. Sei bertsolari ibili dira kantuan: Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Urko Gartzia Aleman, Patxi Castillo Graciarena, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Aitor Irastortza Arrizubieta. Gai-jartzaile lanak, barriz, Zigor Gartzia Zian-ek egin ditu. Nafarroako Bertsozale Alkarteak Vianako Udalagaz alkarlanean atondu dau saioa.

Behin ariketa puntuagarriak eginda, Julio Sotok eskuratu dau puntu gehien (380), eta ondorioz, saioa irabazi eta zemendiaren 11an Agoitzen jokatuko dan bigarren finalaurrekorako sailkapen zuzena lortu dau.

Holan geratu da saioko puntuazinoa:

1. Julio Soto Ezkurdia: 380.

2. Xabat Illarregi Marzol: 377,5.

3. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 338.

4. Urko Gartzia Aleman: 300.

5. Patxi Castillo Graciarena: 294.

6. Aitor Irastortza Arrizubieta: 287.

Uharteko saioa

Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurena, 220 bertsozaleren aurrean. Sei bertsolari ibili dira kantuan, zozketak erabagitako ordenean: Mikel Lasarte Cia, Beñat Astiz Isasi, Joanes Illarregi Marzol, Ainara Ieregi Aranburu, Julen Zelaieta Iriarte eta Eki Mateorena Zozaia, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen esanetara. Nafarroako Bertsozale Alkarteak atondu dau saioa, Uharteko Udalaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren laguntzinoari esker.

Saio puntuagarriaren ostean, Joanes Illarregik eskuratu dau puntu gehien (384,5), eta halanda ze, saioa irabazi eta zemendiaren 19an Lesakan izango dan finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu dau.

Holan geratu da saioko puntuazinoa:

1. Joanes Illarregi Marzol: 384,5.

2. Eki Mateorena Zozaia: 324.

3. Julen Zelaieta Iriarte: 315.

4. Mikel Lasarte Cia: 312.

5. Beñat Astiz Isasi: 305.

6. Ainara Ieregi Aranburu: 261.

Argazkia: Joanes Illarregi (Bertsozale).

Laugarren kanporaketea

Zapatuan, hilak 21, segiduko dau txapelketeak, Leitzan jokatuko dan laugarren eta azken final-laurenagaz. Herri Aretoan izango da saioa, 17:30ean. Han kantauko dabe Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilletak, Ander Aranburu gai-jartzaileak gidatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu