II. Best Topaketak, urriaren 21ean

Bizkaie! 2023-10-13 10:30   Kulturea

Eulalia Abaitua, argazkilari bizkaitarra izango da aurtengo omendu berezia.

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak (Best) bigarren edizinoa izango dau. Ekimenaren helburua, Bizkaian bizi edo sormen lanetan dabizen emakumeentzako topaleku izatea da, alkar ezagutzeko aukerea eskeiniz, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatzeko gunea eregiz eta ertz edo hegaletan dagozanak erdigunera eroateko aukera parebakoa emonez. Topaketak urriaren 21ean izango dira Bilboko Euskalduna Jauregiko 0D aretoan.

BEST ezinbesteko espazio bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batzeko. Aurton, omenaldi berezia eskainiko deutse Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarrari, eta argazkigintzeak leku berezia izango dau. Halanda ze, Abaitua eta haren lanak egunean zehar atonduko diran jardueretan integrauko dira. Era berean, bigarren edizino honetako irudia Arrate Etxebarria Hernández diseinatzaile basauriarrak sortu dau.

Topaketean parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena emotea www.best.eus wegunean. Streaming bidez be jarraitu ahal izango da topaketea.

II. edizinoko programea

Goizeko 10:00etan hasiko da BEST topaketea, eta June Fernández kazetariak moderautako mahai-inguruan parte hartuko dabe Eire Larrea jantzariak, Kristina Mardaras bertsolari eta irakasleak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendariak eta sortzaileen beharrei buruz eztabaidatuko dabe. 12:15ean goizeko bigarren mahai-inguruari emongo deutse hasierea, June Fernandezek gidatutako saioari eta bertan egongo dira Irantzu Varela kazetaria, Uka la Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoa. Berbaldi bien ondoren, dinamika parte-hartzaile bat egingo da Artaziak Koop-egaz batera, ideak konpartidu eta horreetan sakontzeko. Ganera, mahai-inguruek aldi bereko interpretazino zerbitzua izango dabe.


Arratsaldean jantza, antzerki eta musika ikuskizunak egongo dira: 17:30ean Iholdik eta Ibabe Beristainek antzezlana egingo dabe; 18:00etan Lorelei Greenek musikaz arduratuko da; 18:30ean Adriana Bilbaok jantza ikuskizuna eskainiko dau, eta 19:00retan Bogako eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardaoa probetako aukerea egongo da. Ondoren, 19:30ean Ane Lindane, Raquel Torres, Maria Blanco, Mirari Matinerna, Oihana Bartra, Jone Larrinaga, Maite Sarasola eta Nerea Ibarzabalek Bertsopotorre izeneko jarduerea egingo dabe, eta bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna buztartuko ditue.

Ganera, egun osoan zehar Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketea bisitatzeko aukerea egongo da. Horrezaz gan, egun osoan zehar edades txikikoak jagoteko zerbitzua emongo da.

Aurten, BESTek Bizkaia Irratiagaz egingo da lan, hilean behin podcast bat sortzeko, eta bertan arte diziplinetako emakume sortzaile bizkaitarren lanak azpimarratuko dira, merezidu daben ikusgarritasuna emonez.

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketea inspirazinoz, sormenez eta hausnarketaz betetako eguna izango da, eta emakume artista eta sortzaileek beren esperientziak eta kultureari egiten deutseen ekarpenak konpartiduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu