Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe Euskadi Literatura Sarien irabazleak

Bizkaie! 2023-10-11 12:22   Kulturea

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa, hurranez hurran, lanegaz irabazi dabe saria.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaur goizean emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Donostiako San Telmo Museoan egin dan ekitaldian jakinarazo ditu sailburuak Euskerazko Literaturea, Euskerazko Haur eta Gazte Literaturea eta Literatur Lanaren Ilustrazinoa modalidadeetako 2023ko irabazleak:

- Euskerazko Literaturea: Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Azken Etxea (Pamiela).

- Euskarazko Haur eta Gazte Literaturea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro, Zerria (Erein).

- Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Joseba Larratxe Berazadi, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar).

Euskerazko Literaturako sariko epaimahaiak adierazo dauenez Arantxa Urretabizkaiaren obreak eskaintzen dituan ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak jorratzen ditu, baita ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak be. Josu Jimenezek, Idoia Carramiñanak, Ane Zapaterok, Ane Labakak eta Mikel Aierbek izan dira Euskarazko Literatura Sariko epaimahaiak.

Bestalde, Leire Bilbao, Larraitz Idarreta, Karla Fernandez de Ganboa, Xabier Etxaniz eta Ruben Ruiz epaimahaiek, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aurtengo Euskadi Literatura Saria Patxi Zubizarretari emon deutse. Epaimahaiko kideen ustez, Zubizarretaren Zerria lana ez da bakarrik obra gomendagarri bat, baita literatureaz gozatzeko, persona moduan hazten joateko eta literaturea zer dan eta nola egiten dan jakiteko adibide guztiz egokia be bada.

Horreezaz gan, Joseba Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa lanak irabazi dau Literatur Lanaren Ilustrazinoa Saria. Maite Mutuberria, Maria Carmen Fernandez, Jose Carlos Torre, Miren Asiaie eta Jose Antonio Morlesin epaimahikideek adierazo dabenez Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta interpretazinoa nabarmentzen dira, proposamen fresko eta oroigarria, erreferentzia eta sinbolismoz betea.

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura Sari banatzen ditu. Falta diran laurak, Literaturea Gaztelaniaz, Euskerazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskeraz eta Saiakera Gaztelaniaz, datorren astean iragarriko dira. Saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau.

Aurtongo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 15ean Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu