Elorrioko buelta, Besaide, Udalaitz eta Intxorta mendietatik
2023-10-13 09:39 Ibilian-ibilianAurton, proposamen bikoitza eskaini dau Erdella Mendi Taldeak.
Kanpazar portutik gora egitean, ikuspegi ederra dagogeure aurrean, Udalaitz mendia hain zuzen be. Mendi berezia, askotan, Arrasate herriagaz lotzen dogu zuzenean, batez be, Udala auzotik ibilbiderik ezagunena edota eskuragarriena dagoalako. Halanda ze, badira Udalaitzera igoteko bestelako bide batzuk be eta Elorriokoa ez da makala, Besaide mendiagaz alkartzean sekulako gorabeherea pilotzen baita. Ganera, kobazulo famatuaren aldamenetik pasetan gara eta horrek berezitasun puntua emoten deutso. Bisitau dozue? Berezia, ezta? Gustoko dodan tokia da, ederra, baita Anboto bete-betean ikusten danean be, eta egun lainotsuetan ez bada hobe, kobzulo aparta da.
Aurton, proposamen bikoitza eskaini dau Erdella Mendi Taldeak, izan be, Aldapegora Mendi Trail izeneko lasterketea jarri dabe martxan, 26 kilometroko eta 1700 metroko gorabeherako ibilbidea. Elorrioko plazatik hasi, Memaiara, Besaide, Udalaitz, Kanpazar, Kañuetara, Intxorta, Aldapera, Zenitar eta barriro Elorrioko plazara egiten dau buelteak. Ibilbide ederra. Probearen zati handi bat, gaurko martxearen ibilbide beretik igaroten da eta lokatzari aurre egiteko jarritako sokak egun bietako jarri zituen. Ganera, esan behar da, Gurutze Gorriko boluntarioak gailurreraino igoten ebizela, animoak emonez. Horrezaz gan, eskertzekoa da boluntarioen lana.
Ibilbide luzeari jagokonez, 32 kilometro eta 1825 metroko gorabehera positiboa. Goizean goiz, Elorrioko plazan alkartu, eguna argitu eta danok alkarregaz, aurrera! Ibilbide oso polita, teknikoa Udalaitzen igoeran, izan be, harri artetik gora egin behar da, aldatsgora txikiakaz eta antzeko jatsierakaz kanpazar aldetik, gorabehera negatibo handia dago eta. Horren ostean, Elgetara bidean, urte hasierako mendi martxea gogoratu neban, Intxorta aldera egitean hain zuzen be.
Martxa laburra be eskaintzen dabe, 15 kilometrokoa. Horretan parte-hartzea ikaragarria izan zan, ganera, anoa-postuak familiez eta herritarrez beteta izanik. Eguraldia lagun izanda be, jente gehiago animau zan. Nabarmentzekoa da, martxa biak doban zirala eta anoa-postu eta boluntario aldetik, eskaintza ederra izan zala. Beraz, Erdella Mendi Taldearen lana parebakoa izan zan, Debagoienako eta Durangaldeko inguruetan goiz pasa ederra egiteko, giro onean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!