Literatur Amuak jaialdia, urriaren 20tik zemendiaren 1era

Bizkaie! 2023-10-11 08:24   Kulturea

Besteak beste, Nerea Ibarzabal, Joxemari Urteaga, Joseba Sarrionandia eta Ane Etxegoien izango dira.

Keu Agirretxea, Ibon Bergara, Nerea Lorenzo eta Urtza Alkorta (Ondarroako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko sormengintzearen urteroko zitea da Ondarroako Literatur Amuak, eta Ondarroako Udalak aurton be artistei plazea eskaintzeko eta euren lanak oholtzaratzeko agertokia eskaini nahi izan deutse. Izen ezagunak eta ez hain ezagunak dagoz egitarauan.

Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarrak Erakusketa Aretoan atondutako lana izango da lehen ekimena. Fernandezek, Ondarrutarrak bildumaren lehen atala aurkeztuko dau, haren ikuspegitik gerarazotako herriko eta herritarren irudiakaz. Herriko artisten arloan, Josu Arrizabalagak herriko lehengo andra-gizonen istorioak kontauko ditu, esaterako, xelebrekeriak, bitxikeriak eta pasadizoak.

Musikaz Keu Agirretxea arduratuko da. Urriaren 31n, martitzena, Judit Nedderman abeslari eta konposatzaile kataluniarragaz batera igongo dau Beikoziniko oholtzara. Jaialdia amaitzeko, zemendiaren 1ean, umeei zuzendutako Arrainak Bihotzean ikuskizuna egongo da Beikozinin, Leire Bilbao ondarrutarraren testuetan oinarritutako Mar-Mar taldearen ikuskizuna.

Horrezaz gan, besteak beste, Nerea Ibarzabal, Joxemari Urteaga, Joseba Sarrionandia, Ane Etxegoien, Rafa Rueda eta Igor Elortza (Anonyme Popular) izango dira.

Ikuskizun batzuetarako sarrerak erostea beharrezkoa da, eta gainontzekoetan aforoa bete arte sartu ahalko da aretora. Sarrerak, Turismo Bulegoan dagoz salgai.

Zubikarai saria

Euskal idazleen harrobi izaten jarraitzeko asmoagaz eta 8.000 euroko saria jasoko dau irabazleak. Euskerazko sorkuntzea bultzatzeko ahaleginak erakunde publikoetatik etorri behar dirala uste dogu eta orain hau da geure jarrerea, adierazo dau Nerea Lorenzo euskera batzordeburuak. Lehiaketan parte hartzeko urriaren 13ra (barikua) arteko epea dago proiektuak aurkezteko. Epaimahaikoak, Xabier Mendiguren, Ana Urkiza eta Leire Bilbao izango dira.

Irabazten dauenak urtebete izango dau nobelea idazteko, eta ondoren Elkar argitaletxearen bitartez argitaratuko da.

Nanoipuin lehiaketea be martxan da

140 karakteretan istorio bat kontetea da helburua eta egile bakotxak lan bi aurkeztu ahalko ditu gehienez.

Urriaren 26an, domekan, sari banaketak egingo dira. Berton, igazko lehiaketako irabazlearen nobelearen aurkezpena eta aurtengo irabazleari alkarrizketa egingo deutse. Halanda ze, Joxemari Urteaga eta Xabier Mendiguren izango dira gidari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu