Ana Gutierrez: 'Asko falta da gura dogun genero bardintasuna lortzeko'

Koldo Isusi Zuazo 2023-10-16 07:55   Barriketan

Zinemakumeak Gara!-ko zuzendaria.

 

Zinemakumeak gara! (urriaren 16tik urriaren 11ra), emakumeek zuzendutako zinea feminismoaren hazkundearen sasoian eta Estaduan sortzen egozan beste ikuskizun batzuen hasieran sortu zan, proiekzioak bidetzat erabili genduzan eztabaidak errazteko helburuari eutsiz. Kolektibo feministea zan eta oso harrera ona izan eban bilbotarren artean. Simone de Beauvoir Talde Feministea 1980ko hamarkadearen erdialdean sortu zan eztabaidarako eta garapen teoriko feministarako kolektibo legez. 1986an, Leioako Bigarren Jardunaldi Feministakaz bat eginez, sortzaileek zinemeagaz zituen hartu-emonen jatorrian izan eben ardatz. Esangura horretan, Zinemakumeak Gara 2023 jaialdiak Sílvia Munten The Good Company proiektauko dau lehen egunean, urriaren 16an, BilbaoArten.

1.- Silvia Muntek jasoko dau Simone de Beauvoir saria. Zergaitik?

Simone de Beauvoir saria oso berezia da, zinemearen industrian, zuzendari, aktore, gidoilari, muntatzaile eta kritiko lanetan nabarmendutakoen zeregina autortzea da asmoa. Aurten Silvia Munti emon deutsagu ibilibide emonkorra eta oparoa egin dauelako zuzendari zein gidoigile lanetan eta, horrezaz gan, telebistan eta antzerkiaren munduan be ibilitakoa da barruan dauen guztia eskainiz obra bakotxean.

Sorkuntza zinematografikoaren ataletan makinatxu bat lan egindakoa da eta eredu dogu, kultureagaz oso konprometidua.

2.- Zinemakumeak Gara ekimenean, besteak beste, tailerrak, proiekzinoak, berbaldiak, mahai-inguruak eta bestelakoak izango dira, baina bat aukeratzekotan zein?

Zer esango deutsut ba nik, programazinoa goitik behera mimo handiz atondu dogu eta bikaina da. Ekitaldi bat nabarmentzea gatx egiten jat. Film luzeak ikusteko aukerea egongo da, horreetako batzuk estreinaldiak, munduko jaialdi ospetsuetan erakutsitakoak, besteak beste, Cannes, Locarno, Berlin, La Seminci eta Donostiako Zinemaldian.

3.- Nortzuk dira konbidauak?

Jaialdira datozenen artean, Andrea Jaurrieta (zuzendaria eta gidoigilea) eta Ana Hormaetxea (gidoigilea) ez dodaz ahaztuko, geuk eta  EHGEP - Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteagaz lankidetzan atondutako topaketan izango dira baina beste batzuk be badatoz, berbarako, Izibene Oñederra (animatzailea El sueño de la sultana filma), Begoña Vicario (animazinoko zinean errealizatzailea), Nuria Vidal (idazlea eta zinemako kritikaria), film laburrak egiten dituan Paula Iglesias (Hondarrak), Mabel Lozano (Ava) eta Vicenta Alonso de la Cruz (Bizkaiko Psikologia Kolegio Ofizialeko Bardintasun Batzordeko Koordinatzailea), Prostituzinoa eta emakumeen salerosketea helburu gaia jorratzeko mahai-inguruan parte hartuko dabe.

Horreez gan, Nagore Cenizo Arroyo be aitatuko deutsut, inaugurazino galea didatuko dauena.

4.- Zer da 'Emakumeak eta Film Laburrak'?

Saio berezia da, emakume espainiarrek zuzendutako film laburren norgehiagokea da; urteroko hitzordua da eta TRAMA (Emakumeek egindako zine, bideo eta multimedia jaialdien koordinatzailea) kolektiboak egiten dau deialdia eta horra batuta dagoz Films de Dones Nazinoarteko Jaialdia, Zinemakumeak Gara, Emakumeek egindako Zinema Jaialdia (Huesca), Zinea eta Emakumeek egindako Pelikulak Nazinoarteko Jaialdia (Iruña), Dona i Cinema Nazinoarteko Jaialdia (Balentzia) eta Emakumeek Egindako Zinearen Nazinoarteko Jaialdia (Zaragoza) . 

 5.- Isabel Hergueraren El sueño de la sultana urriaren 27an erakutsiko dozue Golem Azkunan.  Donostiako Zinemaldian Irizar Saria irabazitako filma. Gustau jatzu?

Asko, ederra da, benetako bitxia, animazinoko teknika guztiak erabili ditu Isabelek eta Rokeya Hussainek 1905. urtean idatzitako liburuan oinarritzen da, istorio utopiko feministea. 

Kontuak kontu, gonbidatua Paula Iglesias da, Marta Gomezegaz batera Hondarrak film laburra zuzendu dabena. Hondarrak saritua izan zan Donostian, Irizar Saria irabazi eban, hain zuzen be, Donostia Zinemaldiko edozein sailetan mundu osorako estreinautako euskal produkzinorik onenari. 

Horrezaz gan, dokumental onenari saria be irabazi dau oraintsu 28. Ourense Film Festival ezagunean. 

Eta ez ahaztu, Hondarrak hautagaien artean dagoala Forque eta Goya sarietan.

6.- Gero eta emakume zuzendari gehiago dago Euskal Herrian. Zein da zure gogoetea?

Pozarren nago. Gitxika sendotzen doan jokerea da baina asko falta da gura dogun genero bardintasuna lortzeko. Edozelan be, nahikoa erreferente doguz, sarituak eta maila eta kalidade handia eskaintzen: Jaione Camborda aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi ebana; emakumeak eta hasibarriak motibetako ez da besterik behar.

7.- Kartela Ruth Juanek (Junita Makina) egin dau. Artisteak askatasuna izan dau sormenerako ala epaimahaiak agindu deutsoz sartu beharreko berba eta berezitasunak? Gustau jatzue kartela?

Artistea geuk aukeratu dogu, Zinemakumeak Gara!-ren ardurea izan da hori baina aurtengo gaia nabarmendu geuntsan Bartzelonan jaio eta Bilbon bizi dan artisteari eta eta hortik gorakoak artistearen esku itxi genduzan.

Zoragarria da kartela, Alice Guy aitzindariaren, emakume librearen, jaiotzearen 150. urteurrena erabili dau eta mendeetan zehar emakumeen lorpen guztiak zapaldu eta hankaz gora bota dituenak bistaratu nahi izan ditu.

Junita Makina artisteak berak azaldu dauenez, gai nagusia Alice Guy da, zinemearen aitzindaria, oraintsura arte ikusezina izan dana, liluratu nabe bai berak eta bai haren lanek be.

Aurretik berari buruz egindako kartelei buruzko informazinoaren bila orduak emon eta haren irudia daben kartelak topau nituan, bai argazkiak zein marrazkiak be eta haren lehen pelikuleagaz lotutako beste batzuk, The Cabbage Fairy (1896). Kontua da ze Gyren lehen filmetako baten eszena bat hartzea erabagi neban,  maite dodan eta hipnotizau nauen Les Fredaines de Pierrette (1900). Zineman kolorea sartu eban fotogramak margotuz. Musuaren momentuan mozten dau filma, eszena edegia eta iradokitzailea.

Emakumeak protagonista dira, bere garaian ezohikoa zana. Garaiko arauak zalantzan jarten ditu bi emakumeen bien arteko hartu-emon erromantikoak erakutsiz.

8.- Zeintzuk dira erabiliko dozuezan Bilboko egoitzak?

BBK Aretoa, Bilboko Golem zinema-aretoan, BilboArte, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen aretoa eta Kuna Aretoan BBK.

9.- Makinatxu bat urte joan dira, 28. edizinoa aurten. Zelan hasi zan hau guztia? Zelakoa izan da eboluzinoa?

Simone de Beauvoir kolektiboak ekin eutson 1996. urtean, Mobimentu Feministearen harian eta sortzen egozan jaialdiakaz bat.

Apal, xume hasi ginan, proiekzino gitxiago eskaini eta holan ibilten ginan baina beti estreinaldiak eskaintzen eta kalidadeari eutsiz; emakume zuzendariak be izaten ziran geugaz.

Urte horreetan Ideales eta Capitol zinema-aretoak ganezka egoten ziran.

Eboluzinoari jagokonez, zinemearen industrian aldaketa ugari izan dira eta nabarmena da formatuetan, teknika eta ikusteko moduetan upealako gorabeherak izan dirala. Horri esker, film luze onak, jaialdietan estrainautakoak eta programau ahal izan doguz eta alde praktikoari erreparauta, zinegaz lotutako gaietan be polito ibili gara, zinea eta generao, bardintasuna eta holakoetan nahikoa gustora ibili gara. 

Zinemakumeak Gara! aintzindaria da Euskal Herrian eta bakarra genero honetan, kultura arloan erreferente Bilbon.

10.- Zeintzuk dira Zinemakumeak Gara-ren helburuak?

Helburuetan ez da aldaketarik izan, betikori eusten deutsagu, hau da, emakumeek egindako zinea sustatzea eta ezagutzera emotea, gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lortzea eta belaunaldi barriak, gazteak sormen zinematografikora erakartea, beti be, gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko bidean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu