'Domeinu terminologikoen galerea' jardunaldia zemendiaren 3an izango da

Bizkaie! 2023-10-10 11:12   Euskerea berbagai

Izen-emotea UZEIren webgunearen bidez egin daiteke hemen.

Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako terminologia-zentroetako ordezkariak Donostian batuko dira, Espainiako eta Frantziako terminologoakaz batera, domeinu terminologikoen galereari lankidetzatik zelan aurre egin aztertzeko.

Jardunaldia AETER terminologia-alkarteak eta UZEIk atondu dabe.

Kontuak kontu, hainbat terminologia-aditu Domeinu terminologikoak galtzea, domeinu horreek berreskuratzeko eta ezartzeko lankidetza-estrategiak izeneko jardunaldian batuko dira zemendiaren 3an. Jardunaldian landuko diran gaien artean, terminologia, neologia, prospektiba terminologikoa,
ezarpena eta adimen artifiziala dagoz.

Goi mailako ekitaldi hori AETERek, Espainiako Terminologia Alkarteak atontzen dau, alkarte horretako kide dan UZEI Terminologiako Euskal Zentroagaz alkarlanean. UZEI eta, besteak beste, AETEReko kide dira Kataluniako (TERMCAT) eta Galiziako (TERMIGAL) terminologia zentroak eta Real Academia Española (RAE).

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joaquin Garcia Palacios Salamancako Unibersidadeko katedradun eta AETEReko buruak inaugurauko dabe jardunaldia.

Elea Giménez CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularrak eta CSICen ES-Ciencia plataforma tematikoaren eta TERESIA proiektuaren koordinatzaileak edegiko dau berbaldien saioa, terminologia eleaniztunetarako garaia ete dan berbagai.

Jardunaldi honetako beste hizlari bat Étienne Quillot izango da (Frantsesaren eta Frantziako hizkuntzen Ordezkaritza Nagusia), Frantziako Kultura Ministerioa ordezkatuko dauena. Quillotek Frantzian 1972tik aurrera terminologiak eta neologia ofizialek egindako bidea eta arlo horreetan eten barik egin diran ahaleginak aurkeztuko ditu, hiztegi zientifiko eta teknikoak aberastearen garrantzia nabarmenduz.

Elena Montiel doktoreak, Madrilgo Unibersidade Politeknikoko (UPM) Zientzia eta Teknologiari Aplikautako Hizkuntzalaritza Saileko irakasle titularra eta unibersidade horretako Ontology Engineering Group ikerketa-taldeko kidea danak, terminologiek datu-espazioetan oinarrizko eginkizuna zelan beteten daben azalduko dau.

Arratsaldean, hiru unibersidadek jorratutako beste hainbeste proiektu aurkeztuko eta terminologia-bankuei eusten adituak diran espezialisten arteko barriketaldia egongo da.

Jardunaldia Donostian egingo da, Euskaltzaindiaren Ordezkaritzan eta dobakoa eta aurrez aurrekoa izango da. Izen-emotea UZEIren webgunearen bidez egin daiteke.

Aukera ezin hobea da domeinu terminologikoen galereari aurre egiteko lagungarriak izan daitekez lankidetza-estrategiei edo beste mueta batekoei buruz hausnartzeko. Domeinu terminologikoen galerak espezialidade-hizkuntzearen maila guztietan hizkuntza batean komuniketako gaitasuna galtzea esan nahi dau eta komunikazino profesionalerako beharrezkoak diren bitartekoen garapen gehigarri eskasaren ondorioz gertatzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu