Santiago Onaindia Ikerketa Bekearen deialdia, zabalik
2023-10-10 09:08 KultureaProposamenak aurkezteko epea zemendiaren 24an amaituko da.
Santiago Onaindia Ikerketa Bekako deialdia zabalik dagoala jakinarazo dau Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta proposamenak aurkezteko epea zemendiaren 24ra artekoa da. Aurreko edizino guztietan legez, 18. edizino honek be helburu zehatza dakar, hau da, euskal literaturearen inguruko azterlanak eta ikerketea bultzatzea.
Banaka zein taldeka aurkeztu daitekez deialdira. Epaimahaiak irabazle bakarra aukeratuko dau, eta proiektu hori gauzatzeko 12.000 euro emongo deutsee atontzaileek. Epaimahaiak erabiliko dituan erispideak honeek izango dira, oinarrietan dakarrenaren arabera: literaturearen ikusmiratik lanaren kalidadea eta interesa, proiektuaren barritasuna eta egokitasuna. Ikerketea euskeraz egin beharko da.
Urtebeteko epean amaitu beharko dau irabazleak ikerketea, bekea emon eta onartzen danetik hain zuzen be.
Jon Artabe Idazkaritza, Funtzino Publikoa, Gardentasuna eta Gobernu Onaren zinegotziak, eta Euskera, Bardintasuna eta Arkalaz!-en koordinatzaileak, adierazo dauenez, aukera parebakoa da euskal literaturearen alorrean ikerketea sustatzeko eta geure erkidegoaren kulturea aberasten laguntzeko. Horregaitik, herritarrek parte hartu deien animetan ditu, esparru garrantzitsu horretako ezagutzak aurrera egin deian.
Ikerketea sustatzeaz gan, urteroko deialdi honen bidez Santiago Onaindia ohorezko euskaltzainari (Amoroto, 1909-Gasteiz, 1996) omenaldia egiten deutso Amorebieta-Etxanoko Udalak. Idazle oparoa izan zan: Saiakerak, poesia, artikuluak, egutegietako testuak eta antzezlanak idatzi zituan.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!