Europa osoko hizkuntza gitxituetako ordezkariek bat egin dabe zemendiaren 4ko manifestazinoagaz

Bizkaie! 2023-10-09 07:50   Euskerea berbagai

Espainiako Gobernuari dei egin deutse euskerearen normalizazinoaren kontrako erasoa eten daian.



ELEN, Europako Hizkuntza Bardintasunerako Sareak, urteko Batzar Orokorra egin dau Sardiniako uriburu Casteddun (Cagliari). ELENek Europar Batasuneko 25 estadutan berba egiten diran 50 hizkuntza eta 50 miloe hiztun ordezkatzen dituen 174 erakunde batzen ditu. Batzarrean Europa osoko hizkuntza gitxituen aldeko erakundeetako 50 ordezkari baino gehiago batu dira, hizkuntza-politiketako aditu eta akademiko gonbidatu ugarigaz batera. Han izan da euskerearen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskalgintzearen Kontseilua; baita galizierearen aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundea; eta katalanaren aldeko Plataforma per la Llengua, Òmnium Cultural, Acció Cultural del País Valencià eta Obra Cultural Balear.

Arratsaldeko saioan, Batzar Nagusiak aho batez onartu dau zemendiare 4an Bilbon euskerearen alde egingo den manifestazinoari babesa eta atxikimendua emoteko ebazpena (Resolution). Onartutako ebazpenean adierazten dan honakoa: «Europa osoan, eta bereziki Espainian, hizkuntza gitxituek urteak daroez muga politikoak jasaten. Euskerearen kasuan, normalizazinoaren kontrako erasoak ezagunak dira, batez be ipar Euskal Herrian eta autorpen ofizialik ez dauen Nafarroako eremuan. Azken hilebeteotan, barriz, euskerearen kontrako eraso judiziala ofiziala dan lurraldeetara be zabaldu da, ofizialtasuna zein normalizazino prozesua zalantzan jarriz».

Horren aurrean, ELENeko erakunde garen aldetik gure kezka sakona adierazo nahi dogu euskerearen normalizazinorako neurriak eta prozedurak, eta beraz, milaka personen eskubide zibilen betearaozte osoa, baliobakotzen dituen epai judizialen uriolearen aurrean esan dabe.

Era berean, justizia gehiengoaren borondate demokratikoaren eta botere legegilearen gainetik pasetan dan hizkuntza-politika murriztaile eta atzerakoia bizi dogu salatu dabe, izan be, ELENen ustez, gaur egun epaitegietan hartzen diran erabagiak alkarbizitzearen eta demokraziaren kontra doaz, eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekarri leikiez. Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuari eta bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dei egiten deutsagu gai honen inguruan
neurriak hartu deiezan eta behin betiko amaitzeko euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuaren kontrako oldarraldia. Bardintasun, justizia eta gizarte kohesino kontua da hau, eskubide zibilen kontua.

Egoera honen izakera kezkagarria ikusita, giza eskubideak erdigunean jarteko eta maila kolektiboan gure desadostasuna, ELENek Euskalgintzearen Kontseilua atontzen dabilen manifestazinoaren alde egiten dau eta persona eta erakunde guztiak animetan ditu zemendiaren 4an Bilbon egingo dan protestan parte hartu deien lege honen kontra, baina batez be euskerearen normalizazinoaren eta bizibarritzearen alde, gainontzeko hizkuntza gitxitu guztienagaz batera adierazoz amaitu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu